Immigranteen sarekada «masiboak» debekatu ditu Espainiako Poliziak

SOS Arrazakeriak «eszeptizismoarekin» hartu du barne araua, zalantza gehiago sortzen dituelakoan

Bilbon iaz egindako sarekaden aurkako manifestazioa. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako Poliziak atzerritarren aurkako «bereizi gabeko sarekadak» eta «atxiloketa eta identifikazio kuotak» debekatu ditu. Espainiako Poliziaren Zuzendaritza Nagusiak neurri horien berri eman zuen atzo bertan, barne ohar baten bidez. Ohar horren ardatza Espainiako Atzerritar eta Muga komisarioak jakinarazitako aginduen ildotik doa, eta, zuzendaritzaren arabera, Poliziaren jardunari «argitasuna eta zehaztasuna» ematea du helburu.

Espainiako Poliziaren webgunean jakinarazitako informazioaren arabera, bi jokabide «debekatu» dituzte. Batetik, «irizpide etnikoetan oinarritutako sarekada masibo edo bereizi gabekoak» debekatzen ditu, eta, bestetik, atzerritarrak identifikatzeko eta atxilotzeko kuotak. Atzo jakinarazitako erabakiak polizien artean modu argian azaldu behar direla gaineratzen du oharrak, zehatz uler daitezen. «Oharrak gizarte segurtasuna mantendu, eta eskubideen eta askatasunen bermea galaraz dezakeen edozein anbiguotasun saihestu nahi du».

Poliziek egindako identifikazioen harira, zenbait alor ere zehazten ditu oharrak. Egoera irregularrean dagoen atzerritar bat identifikatuz gero, poliziek ezin izango dute polizia etxera eraman, baldin eta nortasuna egiaztatu eta etxebizitza duela «justifikatzen» badu. Kasu horietan «ezegokitzat» joko da pertsona hori polizia etxera eramatea, atzotik indarrean dagoen aginduaren arabera.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak, berriz, nabarmendu du Espainiako Gobernuak inoiz ez duela «bereizi gabeko sarekadarik» onartu, ezta identifikazio eta atxiloketa kuotarik ere. «Hiritarrak etniaren arabera identifikatzeko bide ematen duen agindurik ez da egon, eta ez da egongo».

Zalantza gehiago

Poliziaren barne oharrak argitzen dituenak baino «zalantza gehiago» sortzen dituela azaldu du Mikel Mazkiaran SOS Arrazakeriako kideak. Hain zuzen ere, identifikatutako atzerritarren helbidea izanik ondoren gerta daitekeena argitu behar dela azaldu du. «Ez dute kalean atxilotuko, baina haren etxera joango al dira gero?», galdetu du.

Oharraren benetako eragina ikusteko hilabeteko epea eskatu du Mazkiaranek. Ordea, aginduak orain arte bereizi gabeko sarekadak egin direla berresten duela azaldu du, baita identifikatzeko eta atxilotzeko kuotak bazeudela ere. «Poliziako sindikatuek ere onartu zituzten kuotak», gogorarazi du. «Espero dezagunpolitika horiei ez eustea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.