Migrazioak

Immigrazioa apaldu da, hamalau urteko hazkundearen ondotik

Atzerrian jaiotakoak hamarretik 2,7 dira Hegoaldean, eta hamarretik lau Iparraldean. Immigrazio fluxuak doi bat apaldu dira 2013tik, baina Espainiako immigranteen kopuruak gora egin du zerbait. Emigrazioak, aldiz, gora egin du sei urte hauetan.

Hego Euskal Herrian, hamar biztanletik 2,7 kanpoan jaiotakoak dira gaur egun; Ipar Euskal Herrian, hamarretik lau dira. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS
mikel p ansa
2014ko abuztuaren 26a
07:23
Entzun

Hamalau urtez etenik gabe gora egin ondotik, iaz eta aurten apaldu egin da immigranteen kopurua. Kanpoan jaiotakoen kopurua 776.850era iritsi zen 2012an Hegoaldean, eta goia jo zuen. Geroztik, bi urtean, 759.500era jaitsi da. Jaitsiera txikia da (-17.350), baina ageri du egonkortze joera bat. Espainian sortu eta Euskal Herrian bizi direnen kopurua asko jaitsi da 1998tik hona —etorkin guztien %82 ziren orduan; %55 orain—, ia 100.000 gutxiago dira, eta urtetik urtera txikituz doa kopurua. Antzera gertatzen ari da Galizian sortu eta Euskal Herrian egonkortuekin; duela hamasei urte baino 13.000 gutxiago dira orain. Edozein moduz, handia da migrazio horien pisua, eta ez du behera egin azken urteetan. Datu bat: 2013an, 15.244 espainiarrek hartu zuten bizilekua Hegoaldean, eta 4.725 katalanek. Aldiz, Amerikatik 4.564 immigrante iritsi ziren. Hortaz, Herrialde Katalanetatik etorritakoak baino gutxiago dira Amerika guztitik iritsitakoak, eta Espainiatik heldutakoen heren eskas bat.

Iazko datuak argigarriak dira, zentzu horretan: Espainiatik iritsi ziren 15.244 herritar Hegoaldera; Europako gainerako herrialdeetatik, 8.735 —katalanak eta galiziarrak barne hartuta—; Afrikatik, 2.433; Asiatik, 1.192. Beraz, Hegoaldera iristen diren etorkinen ia erdiak Espainiatik heldu dira. Espainiatik heldutako immigrazioak pisu handia du, beraz, eta doi bat gora egin du urte hauetan. Hori aintzat hartuta, bi urte hauetako joerei begiratuz, ezin da esan immigrazioa apaldu egin dela, egonkortu egin dela baizik.

Aldiz, emigrazioak gora egin du 2008tik hona. Iaz, 47.400 herritar joan ziren atzerrira, 2008an baino 16.200 gehiago. Urtean, 30.000 emigrante baino gehiago ditu Hegoaldeak, eta urte hauetan hazi egin da kopurua. Eta immigranteen eta emigranteen kenketak eman du biztanleriaren mugimenduen emaitza: 2010etik hona, migrazio saldo negatiboa du Hegoaldeak. Jaso baino herritar gehiago galtzen ditu. Iaz, 13.400.

BERRIAk grafiko interaktibo batzuekin laburtu ditu Euskal Herriko migrazio datuak.

759.500. Atzerrian jaioak (2014)

Hego Euskal Herrian bizi diren 759.500 pertsona atzerrian jaioak dira eta, haien artean, Espainiako nazionalitatea dutenak dira gehiengo, 422.300 (Hegoaldeko biztanleen %14,9). 1998an ia 100.000 gehiago ziren, (biztanleen %19,8). Galizian jaiotakoek ere presentzia nabarmena dute —azpiko grafikoan dira datu xeheak, probintziaka bereizita—. Beste herrialde askotan jaiotakoak ere badira, baina Frantziako naziotasuna duten 8.600 herritar nabarmentzen dira Hegoaldean —estatistika ofizialek ez dituzte Iparraldeko herritarrak bereizten—. Ipar Euskal Herrian, berriz, Frantzian sortuak dira nagusi etorkinen artean; haien ondotik, Espainian —Hegoaldekoak ez dituzte bereizten—, Portugalen, Marokon, Britainia Handian eta Aljerian jaioen komunitateak nabarmentzen dira, datu xeherik ez bada ere.

Ipar Euskal Herriko immigrazio datu eguneratuak ez dira jakinarazten, baina Gaindegiak kalkulatu izan du %42,6 inguru direla atzerrian jaiotakoak, gehienbat frantziarrak. Hego Euskal Herriko datuak badira, ordea: herritarren %26,8 (759.500 pertsona) kanpoan jaioak dira; hazi egin da portzentajea 1998tik —125.000 gutxiago ziren orduan, herritarren %24,1—, baina haien jatorria aldatu egin da. 1998an Espainian jaioak ziren etorkinen %82; orain, immigrante guztien %55 dira.

Herrialdeen artean badira aldeak. Araban, %34 dira atzerrian jaioak; Bizkaian, %28; Nafarroan, %26; Gipuzkoan, %23.

Espainiarrak 1998an baino 100.000 gutxiago dira gaur Hegoaldean; galiziarrak, 13.000 gutxiago; kontrara, katalanak orduan baino 5.000 gehiago dira. Frantziako nazionalitatea duten 8.600 herritar ere bizi dira Hegoaldean, 1998an baino 2.600 gehiago —ezin da jakin zenbat diren Iparraldekoak—. Gainerako europarren presentzia ere, batuta, handiagoa da gaur egun: 1998an, 17.000 ziren; orain, 72.500 dira. Beste kontinenteetan jaiotako herritarren presentzia hamar aldiz handiagoa da: Amerikan sortuak dira 126.300 (1998an, 12.000); Afrikan sortuak, 53.000 (1998an, 5.050); Asian sortuak, 15.400 (1998an, 1.400). Ozeanian sortuak 532 baino ez dira gaur egun.

228.000. Immigranteak (2008-2013)

2008 eta 2013 arteko sei urteetan 228.000 pertsona ailegatu dira Hego Euskal Herrira. Baina nabari da immigrazioa moteldu dela krisi ekonomikoa larritzearekin batera: 2008an, 45.600 etorkin iritsi ziren, eta 2009an, 37.650. Harrezkero, hein horri eutsi dio, gehiegi apaldu gabe: 2012an eta 2013an, 34.000 inguru iritsi ziren.

Amerikako immigrazioa apaldu da gehien —2008an 11.400 iritsi ziren kontinente horretatik; iaz, 4.600—, baita Afrikakoa ere —2008an, 4.800 heldu ziren handik; iaz, 2.400—.

Espainiatik heldutako immigrazioa da nagusi oraindik ere, urteen joanean gorabehera handirik gabe, eta gora eginez urte batzuetan. Munduko gainerako herrialdeetatik Hego Euskal Herrira iristen direnak baino pertsona gehiago iristen dira, urtero, Espainiatik bakarrik. 2008an, 14.400 heldu ziren handik Hegoaldera, eta iaz, 15.200. Herrialde Katalanetako immigrazioak ere eutsi dio; urtero, 4.500 eta 5.000 herritar berri heltzen dira handik. Galiziakoa doi bat apaldu da (872 izan ziren iaz). Horiekin konparatuz, Europako beste herrialdeetako immigrazioa ere apaldu da —6.800 heldu ziren 2008an; 3.100 iaz—.

Espainiatik heldutako migratzaile horietatik gehienak Bizkaian eta Nafarroan egonkortzen dira.

Mugakide diren lurraldeetatik iristen dira etorkin gehien —Kantabria, Burgos, Errioxa eta Zaragoza—, baina Madrildik gehiago iristen dira ordea. Urtero era antzekoan errepikatzen dira datuok.

244.100. Emigranteak (2008-2013)

Immigrazioa apaldu den bezala goititu da emigrazioa sei urte hauetan: 2008an, 31.200 herritarrek utzi zuten Hego Euskal Herria, eta iaz, 47.400 herritarrek. Etenik gabea eta urtez urtekoa izan da gorakada, jarraitua, eta sei urtean 244.100 herritarrek utzi dute Hegoaldea.

Emigrante gehienek Europarako bidea aukeratzen dute, batez ere Espainiarakoa —78.950 joan dira hara 2008 eta 2013 artean—; Herrialde Katalanetara, 21.500 joan dira sei urte horietan, eta Galiziara, 6.100. Europako beste herrialdeetara, berriz, 37.900 irten dira. Bestela, Amerikara joan dira 45.400 herritar, Afrikara 30.000, eta Asiara 7.300.

Espainiarako emigrazioaren datu xeheagoak begiratuta, 2008 eta 2013 arteko sei urte horietan, 17.600 pertsonak hartu dute Madrilerako bidea, eta 8.800ek Bartzelonarakoa. Ipar Euskal Herriko emigrazioaren daturik ez du ematen INSEE Frantziako estatistika institutuak.

Nolanahi ere, Espainiarako emigrante kopuruak zerbait behera egin du azkeneko urteetan. Aldiz, munduko beste herrialdeetarako emigrazioak nabarmen egin du gora.

-13.500. Migrazio saldoa (2013)

Immigrazioaren erritmoa motelduta eta emigrazioena handituta, migrazio saldoa alderantzikatu da: 2008an, Hego Euskal Herritik joan zirenak baino 14.400 pertsona gehiago heldu ziren hara; iaz, berriz, etorri zirenak baino 13.500 joan ziren. Irauli egin da joera: jasotzen dituen baino herritar gehiago galtzen ditu Hego Euskal Herriak.

Joerak ez dira berak probintziei begiratuz gero ere. Bizkaiak migrazio saldo negatiboagoa du beste herrialdeek baino. Nafarroak, berriz, migrazio saldo positiboa izan zuen iaz.

Konparazioak kontinenteka eginez gero ere, migrazioen saldoa negatiboa da; alegia, kontinente bakoitzetik Hegoaldera iritsitakoei kentzen bazaizkie kontinente horretara Hegoaldetik joan direnak, 2010etik hona, beti gehiago dira joandakoak etorritakoak baino.

Kontinenteekin ez, baina salbuespenak herrialdeekin gertatzen dira: herrialde batzuetatik datozenak gehiago dira hara doazenak baino. Espainiarekin eta Herrialde Katalanekin gertatzen da, adibidez. Espainiara joan zirenak baino 2.400 pertsona gehiago heldu ziren Espainiatik Hegoaldera iaz; Herrialde Katalanetatik, hara joandakoak baino 832 pertsona gehiago iritsi ziren iaz. Galiziarekin aldiz, negatiboa da saldoa (-61, iaz).

37.100. Probintziaz aldatu direnak (2008-2013)

Urtero 6.000 pertsona baino gehiagok aldatzen dute bizileku duten probintzia, Hego Euskal Herrian —Ipar Euskal Herriko biztanleen mugimenduen daturik ez da—. 2008tik 2013rako sei urteetan, 37.100 pertsona aldatu dira probintziaz. 2013ko datuei begiratuz gero, Bizkaitik Gipuzkoara egin ziren Hegoaldean migrazio gehien (1.066), bai eta Bizkaitik Arabara ere (920). Gipuzkoatik Bizkaira (793), Nafarroatik Gipuzkoara (790), Arabatik Bizkaira (780) eta Gipuzkoatik Nafarroara (583) ere mugimendu asko izan ziren.

Probintziaz aldatu direnen artean, gehiengoa bizkaitarrak dira (2008tik 2013ra, 11.850), baina gipuzkoarrak ere ugari izan dira (10.700); 8.150 arabar eta 6.400 nafar ere aldatu dira probintziaz epe horretan. Mugimendu horietako gehienak Bizkaiak —10.900 herritar hartu ditu sei urtean— eta Gipuzkoak hartu dituzte —10.700—.

Estatistika datu ofizialik gabe

Euskal Herri osorako estatistika instituturik eta datu ofizialik ezean, INE Espainiako Estatistika Institutuaren erroldari buruzko datuak erabiliz osatu du BERRIAk artikulu hau, lurraldearen eta biztanleriaren zati zabalenarentzako datu homogeneoak eskaintzen dituelako. Ipar Euskal Herriko daturik ez du ematen INSEE Frantziako estatistika institutuak. INEk ematen dituen datuetan, berriz, Iparraldeko biztanleak frantziartzat jotzen dituzte, eta Espainiako, Herrialde Katalanetako eta Galiziako datuak ez dituzte bereizten. Hegoaldeko ikuspegitik berregin dira datuok, beraz.

Udaletako errolden informazioa hilero jasoz osatzen ditu INEk datuak. Baina datu horien gainean «tratamendu estatistiko bat» egiten du. Emaitzak, beraz, ez dira zenbaki errealak, estatistikoak baizik; datuok ez dituzte zehazki adierazten herritarren migrazioak, baina migrazioen errealitatera gerturatzeko bitartekoa dira. Biribildurik daude zifrak, ulermena errazte aldera —759.466 migratzaile bizi dira Hegoaldean; 759.500 eman du BERRIAk—. Bestalde, legez kanpoko migrazioak ez dira ageri datuotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.