Bakarrik dauden adingabe atzerritarrentzako harrera zentro itxiak ordezkatzeko aukerei buruz eztabaidatu dute egunotan Gasteizen. Izeba egitasmoaren moduko aukerak aztertu dituzte Babesik gabeko haur atzerritarrak, gazteria zigortua jardunaldietan, EHUkoGizarte Langintzako Unibertsitate Eskolak, Ikusbidek eta Salhaketak antolatuta. Adingabeei gizarte sareak trinkotzen laguntzen dieten egitasmoen garrantzia nabarmendu dituzte bertan, babesgabetasun egoerei aurre egiteko tresna bezala.
Kataluniako eta Espainiako toki batzuetan ildo horretan lan egin arren, Euskal Herrian Izeba egitasmoa da ildo horretan gehien sakondu dutenetako bat. Baketik eta Gipuzkoako Aldundiaren arteko hitzarmenaren ondorioz iragan urtean hasitako egitasmoak 50 familiaren arreta bereganatu du, eta dagoeneko 25 familia eta adingaberen arteko lotura sustatu dute. Bi aldeek onartutako harremana betiere, familiek zein adingabeek moduaskean erabakitzen dutelako ekimenean parte hartzea.
«Gure helburu bakarra da harentzat erreferente bat izatea, beraz kezkatzen garela jakin dezala, guretzat garrantzitsua dela, alegia». Hitz horiekin laburbiltzen du Izeba egitasmoko parte-hartzaile batek bere helburua. Duela hainbat hilabete hasi zuen bere senarrarekin batera osaba-izeba izateko bidea, eta ordutik bizitakoa oso ontzat jo dute. Dena den, harremana neurtzen ikasi behar dela gogorarazi dute. «Eskatzen duen neurrian ematen diogu».
Izeba egitasmoaren berri hedabideen bidez izan ostean, eta beren herrian egin zen bilerara joan ostean izeba-osaba izateko aukera aztertu zuten. Ordea, azken erabakia hartu aurretik etxetik kanpo bizi diren bi alabekin hitz egin zuten haien laguntza jasoko ote zuten jakiteko, eta haien oniritzia jasoa, bidean aurrera egitea erabaki zuten.
Izapideak, mantso
Izena eman, egitasmoko arduradunekin hitz egin, adingabeak dauden etxera joan eta haiekin hitz egin... Loturak sortzeko izapide horiek guztiak luzeak direla gogorarazi du Jonan Fernandez Baketik-eko zuzendariak. «Zaletasunak partekatzen dituzten familiak eta adingabeak elkartzea nahi izaten dugu», gogorarazi du Fernandezek Gasteizko jardunaldietan, eta bertan parte hartu dutenek, oro har, oso ontzat jo dute orain arteko esperientzia.
Izeba egitasmoak proposatzen dituen «harreman artifizialak» sustraitu ahal izateko hainbat baliabide eskaintzen dizkie familiei, ikastaroak, babes zerbitzua, telefono zenbaki bat edota Interneteko foro bat, non zalantzak argitu ditzaketen.
Behin lotura eginda, familiaren eta adingabearen arabera egiten dira hitzorduak. Aurretik aipatutako familiak asteburuetan egin ohi ditu hitzorduak, betiere adingabeak nahi izanez gero eta harrera etxean duten hezitzailearekin hitzordua adostu ondoren. «Inguruko mendietan ibiltzen gara, eta alaba eta gazteekin daudenean pilotan egitera doaz, bizikletan ibiltzera...». Horreaz gain, adingabeak beste gazte batzuekin ere harremana izateko bidea ere bada bertako familia.
Ordea, argi dauka harremanak ez direla egun batetik bestera sustraitzen. «Poliki goaz», onartu du, zer zailtasun izan daitezkeen gogoratuta. Komunikatzeko orduan gerta daitezkeen unean uneko zailtasunak edota norberaren ohiturez gain, adingabearen adina ere kontuan hartu behar dela nabarmendu du izebak. «15 urte ditu, eta gazteekin dagoenean errazago hitz egiten du gai batzuei buruz... Neskei buruz galdetzen badiogu, badakigu ez digula ezer esango!».
Familiak ontzat jo du orain arte bizitakoa, eta adingabeak ere eskertzen duela jakinarazi dio familiari. Hala, iloba asteburuetako hitzordu batzuetara gogogabetuta joaten den arren pozik itzultzen dela jakinarazi die hezitzaileak.
Zentroetan, zigorra oinarri
Bakarrik dauden adingabe atzerritarrentzako zentroen ordez, harreman sareak sustatzen dituzten tresnen beharra dagoela azaldu dute Gasteizko jardunaldietan. Hala, gaur egungo zentro eredua «batere egokia» ez dela nabarmendu du Cesar Manzanosek, Salhaketako bozeramaile eta EHUko Gizarte Langintzako irakasleak. «Zentroen oinarrian pertsonak behin-behinean alde batean uzteko helburua dago». Horregatik, gizarteratzean oinarrituta dauden politiken alde egin du, «zigorra oinarri» duten gaur egungoen ordez.
Harrera sareak indartzearen alde egin du Manzanosek, gaur egun adingabeen harrera egiteko dauden aukerak oso handiak direlako. Ildo beretik hitz egin du Santiago Losada Kordobako Unibertsitateko Kultura Arteko Katedrako aholkulari, irakasle eta adingabeei laguntzeko Kala elkarteko presidenteak. Adingabeei babesa eta maitasuna ematea haien formazioan ezinbestekoa dela berretsi du Gasteizko jardunaldietan.
Haien herrialdea uzten duten adingabeen ezaugarriak gogorarazi ditu Losadak. Bidaia hasten dutenean dituzten helburuak ezin dituztenean bete sumatzen duten hutsunea gogorarazi du, eta hazteko behar duten babesa nabarmendu. «Instituzioek kudeatzen dituzten azpiegituretan bukatzen dute, eta espero ez zituzten arazo batzuekin».
Testuinguru horretan familiaren irudia indartzea oso lagungarria gertatzen dela zehaztu du. «Arazoak babesa eskaintzen duten pertsonekin konpondu behar dira, ez zentro itxietan; maitasunarekin arazo gehienek ez lukete tokirik izango». Hori dela eta, babesa emateko aukera duten familia sare bat sortzearen alde egin du, zentro gehiago egin beharrean. «Zentro batzuetan liskarrak sortzen badira, ez lirateke gehiago egin beharko».
@sarean
Bizi diren tokian seniderik ez duten adingabe atzerritarrak gizarteratzen laguntzeko martxan dauden egitasmoak.www.izeba.org. Gipuzkoan Baketik-ek hasi zuen egitasmoa.
webpuntrefes.wordpress.com. Katalunian Punt de Referencia elkarteak hasitako egitasmoa.
%70
Zentroa leku «desatsegina» dela uste duten adingabeak. Arabako 26 adingabe atzerritarren artean egindako inkesta batean, haien %70ek zentroak toki «desatseginak» direla zioten. Adingabe horiek zentro batean baino gehiagotan egon dira.943251005
Izeba egitasmoan parte hartzeko telefonoa. Izeba egitasmoan parte hartu nahi duten Gipuzkoako familiek bertara dei dezakete argibide bila eta izena emateko. Egitasmo bera Araban eta Bizkaian ere abiarazteko asmoa egon arren, Gipuzkoan baino ez du egin aurrera.30
Arabako Foru Aldundiaren zaintzapean dauden adingabeak. Aldundiak kudeatzen dituen harrera zentroetan 30 adingabe atzerritar daude. Azken hilabeteetan nabarmen jaitsi da kopurua; duela urte bat 120 inguru ziren. Gipuzkoan ere kopurua behera ari da egiten.«Adingabe atzerritarrak zentroetan sartzea irtenbide txarrena da; arretarako dauden aukerak asko dira»
CESARMANZANOS
Salhaketako bozeramaile eta Gizarte Langintzako irakaslea
Aramaioko zentroa bultzatuko du Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak 540.000 euroko diru saila eman du 2011ko aurrekontuen zirriborroanAramaioko adingabeentzako zentroa (Araba) zaharberritzeko lanak bukatzeko. Egunon Mendixola zentroa babesik gabe dauden adingabeei bideratutako zerbitzua da. Horretaz gain, Jaurlaritzaren ardurapeko zentroen mantentze lanetarako 83.820 euro jarriko ditu Justizia Sailak. Adingabeen zentroen zaintzarako 991.000 euroko aurrekontua gorde du Idoia Mendiaren sailak.Aurrera begira, adingabeen zentroen edukiera handitzeko lehentasuna du Eusko Jaurlaritzak, eta gai horretan foru aldundiekin elkarlanean ari direla jakinarazi duAmadou Coulibaly.Gasteizko Gazte Afrikarren Batasuna elkarteko kidea
Urte hasieran adingabe atzerritarren zentroetan egondako zalapartaren ostean aldaketak gertatu direla dio Coulibalyk, baina oraindik hobetzeko gauza dezente daudela.
«Zentroan sartu gintuztenean, gasteiztarrekin harremana izateko atea itxi ziguten»
J. R. GasteizArabako zentroak barrutik ezagutzen ditu Coulibalyk, eta bertan kide izan zituen lagun batzuekin elkarte bat sortu berri du.
Zergatik sortu duzue elkartea?
Gasteizekin izan genuen lehen harremana gogorra izan zen, eta hori aldatu nahi dugu. Gasteizen gizarteratzeko asmoa dugu, hiri honen parte bat izan. Hori da elkartea sortzerakoan zehaztu genuen lehen helburua. Bigarrena, guretzat garrantzitsuena dena, gure egoera bertsuan dauden adingabeei laguntzea da. Azkenik, gure kulturaren berri emateko borondatea dugu.
Gizarteratzeari buruz hitz egin duzu. Adingabeen zentroan ez al da horrelakorik sustatzen? Ez al da lan egokia egiten gizarteratzearen alde?
Gizarteratzea harremanekin lotuta dago, hau da, pertsonen artean dagoen harremanekin. Zentroan sartzean, gasteiztarrekin harremana izateko atea itxi ziguten. Gure artean hitz egiteko denbora gutxi genuen; hortaz, pentsa nolakoa zen gasteiztarrekin genuen harremana.
Nola lortu nahi duzue hori?
Funtsezkoa da ekimenak egitea, nolakoak garen jakin dezaten. Orain arte hedabideen berri jaso dute guri buruzko informazioa. Adingabeak ginenean ez genuen hitz egiteko tresnarik, ezin genuen esan guri buruz ematen zen irudia gezurra zela. Orain, elkartea dugu, eta hemengo pertsona batzuen babesarekin lortuko dugu irudi hori aldatzea.
Hortaz, Gasteizko pertsona batzuen babesa izan duzue orain arte egindako bidean.
Bai, pertsona askok babesa erakutsi digute. Nik neuk zentroa utzi nuenean pertsona batzuen babesa jaso nuen, eta orain guri ere dagokigu bide horretan jarraitzea.
Zentroetan daudenei laguntzeko helburua ere azaldu duzu. Zer norabidetan lan egingo duzue? Zer da gehien behar dutena?
Toki itxi batean geundelako sentipena genuen zentroan geundenean; ia ezin genuen hitz egin, eta ezin ginen bertatik atera. Orain zentroetan dauden adingabeen egoera zein den ez dakigu, baina informazioa lortzen saiatuko gara, haien egoeraren berri ematen. Zuzenak ez diren gauza batzuk aldatzeko, gasteiztarrek jakinaren gainean egon behar dute.
Zentroan zeundetenean hiriari buruzko informaziorik ez zenutela salatu duzu.
Lehen egunean argitzen dizute non egin behar duzun lo, non jan behar duzun, arazorik izanez gero norekin hitz egin behar den... Ordea, inork ez dizu esaten non dagoen udaletxea, non informa zaitezkeen... Egoera konpontzeko kanpoko laguntza ezinbestekoa zela pentsatzen genuen, baina gu gara orain kanpoan gaudenak, laguntzeko prest.
Adinez nagusi zaretenetik inolako jarraipenik egiten al dizuete zuen gizarteratzea jarraitzeko?
Duela hainbat hilabete ez zen horrelakorik gertatzen. Aterpetxe bateko helbidea eman, eta bertan ohe bat zain zuela esan zioten kide askori hemezortzi urte bete zituztenean. Orain, egoera aldatu da. Gela bat bilatu behar dutela jakinarazten diete, baina apenas duten denborarik hori egiteko, eta hiriko biztanleekin harremanik ez dutenez, zaila da.
Aipatu duzunaz gain, nolakoa zen zure garaian zentroaren egunerokotasuna?
Zentroan derrigorrezko bi gauza baino ez zeuden, futbolean egitea eta ikastaroetara joatea. Astelehenetik larunbatera futbolean egiten... pentsa! Real Madrili gailentzeko moduko maila lortu genuen! Kar, kar...
Ikastaroak nola antolatzen ziren? Zerbait al zenuten faltan?
Gaztelania ikasteko ikastaroak bazeuden, nahiz eta batzuetan klase gehiago nahi genituen, edota beste modu batean bideratutakoak; hezitzaile bakoitzak irakasteko modu bat du, ordea. Bestelako ikastaroei dagokienez, oso zorrotza zen dena, hau da, inork ez zizun zure nahiei buruz galdetzen. Zentroen egunerokotasunari buruz eztabaidatzen hasi zenetik egoera apur bat aldatu zen.
Zer aldatu da?
Ezin dut askorik esan; baina, esan didatenaren arabera, aldaketak egon dira. Hori bai, futbola ez da aldatu. Kar, kar...
Arabako Aldundiaren tutoretzaren agirien eztabaida bukatu al da? Urte hasieran, zentroa utzi zenutenean, arazoak zeuden agiri hori jasotzeko epeak betetzen zenituzten arren.
Urte hasieran, zentrotik alde egin genuenean, arrazoi asko agertu ziren hedabideetan, eta orain hitza dugula, argitu nahiko genuke gertatutakoa. Jasotzen genuen tratu laidogarriagatik joan ginen, ez tutoretza agiriengatik. Kanpoan geundenean, gure artean hitz egin, eta, gure eskubideak lortzeko, borrokatzea erabaki genuen, tutoretza agiriak barne.
Tratu laidogarria?
Zigor moduan otorduetan egoteko aukera kentzen ziguten, ezin ginen gaztelaniazko eskoletara joan, kideengandik aldentzen gintuzten... Nire ustez, ez zen batere tratu egokia.
Horri buruz hitz egin nahi al duzu?
Ez dut uste merezi duenik. Lotsagarria izan zen, eta, gizakien artean hitz eginda, pena ematen dit horri buruz hitz egitea. Ahaztu nahi dudan zerbait da, eta aurrera jarraitu.