Espainiako Auzitegi Nazionalak Zulueta, Enparantza, Sarriegi eta beste sei lagunen kontra 19 urte arteko zigor eskaerak egin ostean, Goiaga auziperatzea erabaki du Auzitegi Gorenak, ETAko kide izatea egotzita. Espainiako senataria da Goioaga, eta beraz, foruduna. Horregatik, ezin du Espainiako Auzitegi Nazionalak auzipetu; Gorenak auzipetu behar du.
Autoak dionez, "taldeko gainerako kideak bezala, parte hartze aktiboa zuen Goioagak, ETAren orbitan dauden presoei bisitak eginez". Hala, "ETAko kide edo laguntzaile" da Goiaga, Colmeneroren irudiko, eta auzipetu egin du, eta deklaratzera deitu du hilaren 28an. 6.000 euroko bermea jarri dio, pasaportea kendu dio eta hil bakoitzeko 1ean eta 15ean deklaratzera joan beharko du, etxetik gertuen duen auzitegira.
Epaileak dioenez, frogatuta dago presoekin egindako bisitetan ETAren eta presoen arteko bitartekari lanak egiten zituela Goioagak. "Presoak marko ideologikoan mantentzen laguntzen zuen, ETAren egitura eta diziplinapean". Bere ustez, frogatuta dago "ETAren espetxe fronteak" egitura handia duela, presoei "asistentzia juridikoa, medikoa, soziala, ekonomikoa etabar emateko". Hori "ETAren gidaritzapean" egiten zela dio, eta beraz, hori egiten zutenak ETAkoak edo ETAren laguntzaileak direla.
Jone Goirizelaia abokatuak salatu du Goioagaren abokatu lana eten nahi duela Auzitegiak; Goiagak egin duena horixe baita bere esanetan: abokatu lana.