Politika

Iñarritu Lledonersen preso dauden buruzagi independentistekin bildu da

Kataluniako presidente Quim Torrarekin elkartu zen, atzo, EH Bilduko senataria. Espainian "preso politikoak" daudela salatu du, eta Madrili eskatu dio "Mendebaldeko herrialdeen gisara" konpontzeko Kataluniako auzia.

Jon Inarritu EH Bilduko senataria, Lledoners espetxearen atarian, gaur goizean.
2018ko uztailaren 19a
13:37
Entzun

Lledoners espetxean (Sant Joan de Vila Torrada, Bartzelona, Herrialde Katalanak) izan da Jon Iñarritu EH Bilduko senataria. Bertan, bisita egin die Oriol Junqueras, Jordi Turull, Josep Rull, Joaquim Forn eta Raul Romeva Generalitateko kontseilari ohiei, Jordi Sanchez JxCeko diputatuari eta Jordi Cuixart Omniumeko presidenteari. "Sentimendu kontrajarriekin irten naiz Lledonersetik. Alde batetik, pozik, hilabetetan ikusi gabeko lagunekin egoteko aukera izan dudalako, baina aldi berean goibel, barruan uzten ditudalako modu bidegabean espetxeratutako pertsonak. Preso politikoak dira, argi eta garbi".

Bezperan, espetxean eta erbestean diren buruzagi independentisten egoera salatu zuen senatariak, Quim Torra Kataluniako presidentearekin izan zuen bileran. "Preso politikoak eta erbesteratuak daude agindu demokratiko bat era zibikoan betetzeagatik", adierazi zuen.

Torra eta Iñarritu indarrak batzearen alde agertu ziren, herrialdeen autodeterminazio eskubidea defendatzeko. "Beti egongo gara zuekin", zuzendu zitzaion EH Bilduko ordezkaria Torrari.

Iñarrituren esanetan, autodeterminazio eskubidearen aitortza da Kataluniako auziari irtenbidea emateko gakoa. "Estatuari dei egiten diogu elkarrizketaren bidez gatazka politikoa konpontzera, gizarte kataluniarrak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea muga bakar gisa dela".

Torrak eskertu egin zuen Iñarrituk agertutako babesa. "Eskerrik asko Jon Iñarritu autodeterminazio eskubidea, herrien askatasuna eta preso politikoak babesteagatik. Herri kataluniarrak eta euskal herriak elkarlanean arituko gara eskubide zibilen alde".

Bilera giro adeitsuan egin dela adierazi dute bai Torrak, baita Iñarrituk ere. Azken horrek, bi liburu oparitu dizkio Kataluniako presidenteari: Jose Antonio Agirre lehendakariaren egunerokoa eta Kurt Tucholskyren Un libro pirinaico [Liburu piriniar bat]. Torrak adierazi du Agirreren miresle sutsua dela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.