"Bortxaz murgildu gaituzten zulo ilun honetan argi izpi bat da guretzat senide, lagun eta herritarren elkartasuna. Inaxioregan zegoen gure etxeko poz eta argitasunaren zati garrantzitsu bat eta bera itzaltzeak, bera berriz ezin ikusteak, gutako bakoitzaren bidea biziki zailduko du. Nolanahi ere, bide ilun hau errazagoa izaten ari da euskal herritarron gehiengoak gu bezala sentitzen eta pentsatzen duela ikustean. Milesker bada guztioi bihotz-bihotzez". Hala dio Inazio Uria zenaren alargunak eta seme-alabek gaur hedabideetara bidalitako gutunak. "Inaxioren heriotza izan dadila azkena", esan dute, bide batez.
Abenduaren 3an tiroz hil zuen ETAk Uria, Azpeitian (Gipuzkoa). Altuna y Uria enpresako arduradunetakoa zen hura.
Egunotan 72 urte beteko zituen Inazio Uriak, eta etxekoek diote harena "familiari, lagunei eta lanari eskeinitako bizitza" izan dela. "Lagun, auzokide edota lankide bezala ezagutzen zutenek bazekiten hori".
"Euskal Herria maite zuen" hark, sendiak dioenez, abertzalea zela, "baina hori guztia ez zuen aski izan antza denez Euskal Herrian aske bizitzeko. Euskal Herriak jasaten dituen inposaketen aurka daudela esaten duten horiek bi tiro maltzurrez kendu diote bizitzeko eskubidea. Nola egon daiteke inposaketen aurka eta ondoren atzerabueltarik ez duen heriotza inposatu? Ez al da hori hipokrisiaren isladarik garbiena? Hau al da euskaldunok nahi dugun Euskal Herria? ETA, zergatik, zertarako eta noren izenean erail duzue Inaxio? Hori al da Euskal Herria askatzeko duzuen modua?".
ETAri bukatzeko eskatu diote alargunak eta seme-alabek. "Guri eta Euskal Herria maite duten guztiei eman diezaiokezuen erantzunik onena hori da. Inaxioren heriotza izan dadila azkena".
Iñaki Errazkin Azpeitiko alkateak hilketa gaitzetsi ez izana "larria" dela deritzote. "Koldarkeriak alde batera uzteko garaia iritsi da Euskal Herrira. Heriotza hau kondenatzen ez duen horri zera esatea baino ez zaigu geratzen, ez dezala gure herriaren askatasunaren izenean justifikaezina justifikatzen jarraitu".
Politika
"Inaxioren heriotza izan dadila azkena"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu