Hainbat herritar batu dira Tolosan, Sortuk Inazio Agirre zenaren omenez antolatutako ekitaldian. Ezker abertzaleko kidea zen Agirre, eta omenaldian izan dira, besteak beste, Joxean Agirre Sortuko Gipuzkoako koordinatzailea eta Pernando Barrena Sortuko eleduna.
Euskal Herri euskalduna. Lortuko dugu zioen kartela eta Agirre zenaren argazkia eszenatokian zirela oroitu dute. Agurra dantzatu diete haren senideei, eta Agirrek berak idatzitako bertsoak kantatu dituzte ondoren. Euskal Herrian Euskaraz-ek gogoan izan du Agirrek euskararen alde eginiko lana: "Euskarak eta Euskal Herriak militante fin eta leiala galdu dute".
Karmele Aierbek hartu du hitza Agirre zenaren lagun, senide eta kideen izenean: "Ohore handi bat izan duk guretzat hirekin lan egin izana". "Maisutzat" jo du, eta azaldu "gogoa, lankidetza eta borroka" zirela bere "armak".
Sortuko Kontseilu Nazionalaren izenean, Barrena mintzatu da: "Berarekin beti konta zitekeen militantea izan da. Bere ekarpen osoa aldarrikatu nahi dugu". Eusko gudariak eta Behin betiko abestuz amaitu da ekitaldia.
Euskaltzalea zen Agirre, eta Donostiako Udaleko euskara patronatuko zuzendaria izan zen. Soziolinguistika gaietan aditua, Bat aldizkariko kolaboratzailea izan zen, eta baita Tolosako Galtzaundi euskara elkarteko eta Lizardi kultur elkarteko kidea ere. Laskorain ikastolaren bultzatzaileetako bat ere bazen.
Euskalgintza politikagintzarekin uztartu zuen; Sortuko kidea zen gaur egun, eta urte luzez izan zen ezker abertzaleko militantea. Hain zuzen, ezker abertzaleko euskara gaietako arduradun izan zen. AuB Autodeterminaziorako Bilgunea zerrendetako burua izan zen Gipuzkoan 2003ko udal eta foru hauteskundeetan, baina Espainiako Auzitegi Gorenak debekatu egin zituen zerrenda horiek. Tolosan zinegotzi izan zen.