Hezkuntza

Inbertsioen eta baliabideen murriztea salatu du oposizioak Nafarroan

Nafarroako Eskola Kontseiluko presidente Pedro Gonzalezek 2013-2014ko ikasturteari buruzko txostena aurkeztu du parlamentuan.

Nafarroako Eskola Kontseiluko presidente Pedro Gonzalez, gaur, parlamentuan. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
edurne elizondo
2015eko otsailaren 11
17:38
Entzun

Hamaika datu biltzen dituen agiria aurkeztu du Nafarroako Eskola Kontseiluko buru Pedro Gonzalezek parlamentuko Hezkuntza Batzordeko kideen aurrean. Hainbat nabarmendu ditu: batetik, ikasle kopuruak behera egin duela, eta datozen hamar urteotan ere jaitsi eginen dela. Egoera hori plangintzak egiterakoan kontuan hartu behar dela erran du Gonzalezek. Aurrekontuak aztertu ditu, bertzetik, eta azken urteotan gobernuak Hezkuntzari eman dion diru sailak kopuru bertsuei eutsi diela erran du. 2013an, adibidez, 507 milioi euro ingurukoa izan zen, gobernuaren aurrekontu osoaren %13,8. Eskola porrotaren auziaz ere mintzatu da Gonzalez, eta bereziki gizonezkoei eragiten diela nabarmendu du. Erran du, adibidez, Batxilergoa hasten duten ikasleen %30ek ez dutela bukatzen.

Nafarroan hezkuntza "garrantsitsua" dela erantsi du Nafarroako Eskola kontseiluko buruak, eta sistemak ikasle guztien beharrei ematen diela erantzuna. Ebaluazioak egitea ere inportantea dela gaineratu du Gonzalezek, "kalitateari eusteko".

Gonzalezek aurkeztutako datuen aurrean, irakurketa kritikoa egin dute parlamentuko oposizioko talde gehienek. PSNko Carmen Otxoak 0-3 zikloa aipatu du, Gonzalezek erran baitu toki anitz hutsik gelditzen direla, Nafarroan eskaintzen direnen %37 inguru alegia. Otxoak uste du krisiak eragin duela guraso anitzek haur eskolari uko egitea. Bilduko Bakartxo Ruizek, gainera, gogoratu du euskarazko eskaintzak ez duela asetzen dagoen beharra.

Aurrekontuei heldu die Ruizek, batez ere, eta salatu du azken urteotan murrizketak nabarmenak izan direla. "Gero eta diru gutxiago eskaintzen dio gobernuak ikasle bakoitzari". Emaitzak onak badira ikasleek egiten duten ahaleginagatik direla gaineratu du. Aurrekontu orokorretan Hezkuntzak duen tokia ere bertze erkidego anitzetan baino txikiagoa dela nabarmendu du Bilduko parlamentariak. Aralar-NaBaiko Nekane Perezek bertze kontu bat jarri du mahai gainean: "Arlo publikoa eta pribatua ez ditu berdin tratatzen gobernuak". Murrizketak itunpeko ikastetxeetan txikiagoak izan direla azaldu du parlamentariak. Murrizketen ildotik ere, behar bereziak dituzten ikasleen auzia aipatu du Perezek: "Behar bereziak dituzten ikasleen kopuruak gora egin du, baina irakasleenak, berriz, ez". Ezkerrako Marisa de Simonek ere irakasleen kopuruak behera egin izana salatu du: "2010etik 2012ra, 403 irakasle galdu zituen sistemak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.