Hamargarren urteurrena atzo izanagatik, gaurko antolatu du Maltzagako Mahaiak Lizarra-Garaziko akordioa gogoratzeko ekitaldia, eta "indar abertzale aurrerakoien" elkarlana eta haien metaketaren beharra azpimarratu dute. Gizarteko hainbat sektorek bide hori nahi dutela agertu dute, baita estrategia berritua ere.
Garaziko (Nafarroa Beherea) herriko etxean elkartu eta goizean, 10:30ean hasita, bilera egin dute akordioa sinatu zuten eragile batzuek. Ordu eta erdiko batzarrean, itunarekin lortu nahi zutenaz eta haren ezaugarriez aritu dira batzarrean, baita porrotaz ere. Geroztik egindako saioak ere aztergai izan dituzte (Anoetako aldarrikapena, Loiolako elkarrizketak, herri galdeketa...). Egun sinatzaileen artean elkarlanerako baldintzarik badagoen ere aztertu dute.
Ondoren, 1998ko agiria irakurri dute -"gaurkotasuna" dauka, haien iritziz- eta ikurrinari omenaldia egin diote.
Garazin izan dira AB, EA, Aralar, ELB, Udalbiltza, Euskaria eta Iparraldeko Ofizialeak elkartea. EAJ, Batasuna, EB, ELA eta LAB ez dira izan; horiekin biltzeko asmoa ageru dira gaurko bilerako partaideek.
Akordio garrantzitsua
1998ko irailaren 12an ezohiko argazkia iritsi zen Lizarrako (Nafarroa) kultur etxetik: zazpi alderditako, zortzi sindikatutako eta hamarretik gora elkartetako buruzagi eta ordezkariak hitzarmen politiko baten inguruan bat eginda. Tartean, alderdi eta sindikatu indartsuenetako -eta ordu arte ikuspegi politiko urrun samarrak defendatutako- buruzagiak, esate baterako, EAJko Joseba Egibar eta HBko Arnaldo Otegi.
Mugarria izan zen Lizarra-Garaziko akordioa, eta euskal gatazka ulertzeko eta aterabidea emateko oinarri batzuk proposatu zituen: gatazkak izaera politikoa duela, elkarrizketa eta negoziazioan oinarrituta konponduko dela, eta euskal herritarrek izan behar dutela etorkizuna hautatzeko erabakimena.
Egun batzuren buruan ETAren su-etena iritsi zen, eta herritar askoren artean ilusioa piztu zuen prozesua indartu. Gero, ordea, akordioa gauzatzeko unea iristean, sinatzaileen arteko ezadostasunak nabarmen geratzen hasi ziren, eta 1999ko azaroan ETAk su-etena hautsiko zuela iragartzean eman zuten amaitutzat eragileek akordioa.
Lizarra-Garazi akordioaren sinatzaileak
Alderdiak
AB
Batzarre
EAJ
EA
EB
EKA
HB
ICV-EHE (Jose Maria Gorordok sortutako alderdia)
Zutik
(Begirale gisa: Ipar Euskal Herriko Berdeak)
Sindikatuak
EHNE
EILAS
ELA
ESK
ELB
Ezker Sindikala
Hiru
LAB
Elkarteak
Amnistiaren Aldek Batzordeak
Anai Artea
Autodeterminazioaren Biltzarra
Bakea Orain
CAR/Ahaideak
Comité de défense de droits de l´homme en Pays Basque
Egizan
Elkarri
EPSK/Gureak
Gazteriak
Gernika Batzordea
Gogoa
Gurasoak
Hautetsi Abertzaleen Elkartea
Herria 2000 Eliza
Herriarekin
Jarrai
Presoen Aldeko Koordinaketa
Senideak
Sostengu Komiteak
UDA-Treviño
Lizarra-Garaziko Akordioa. 10. urteurrena
Indar abertzale aurrerakoien metaketaren beharra azpimarratu dute Lizarra-Garaziren hamargarren urteurrenean
Maltzagako Mahaiak antolatu du Garaziko gaurko ekitaldia. AB, EA, Aralar, ELB, Udalbiltza, Euskaria eta Iparraldeko Ofizialeak elkartea han izan dira, EAJ, Batasuna, EB, ELA eta LAB ez. Ordu eta erdiko bileran aztergai izan dituzte itunaren emaitzak, Anoetako aldarrikapena, Loiolako elkarrizketak edota herri galdeketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu