Politika

"Indar abertzale eta autodeterminazioaren aldekoek" Espainiako hauteskundeetarako zerrenda bateratua osatzea proposatu du ezker abertzaleak

Datorren martxoan egingo diren Espainiako hauteskunde orokorretarako "indar abertzaleek eta autodeterminazioaren aldekoek" zerrenda bateratuak osatzea proposatu dute Batasunako eta LABeko buruzagiek. Euskal Herriak "une zail baina itxaropentsua" bizi duela iritzi diote, eta momentu honetan premiazkoa dela indar metaketa hori. Rafa Diez LABeko idazkari nagusiak agertu duenez, hautagaitza horretako kideek "Euskal Herriaren ordezkaritza" hartuko lukete beren gain, eta ordezkari horien helburua "Espainiarekiko harreman eta negoziazio prozesu baten bidez Euskal Herriarentzat aitortza lortzea" litzateke. Halaber, eragile politikoei ardura politikoa eta komunikabideei herri ardura eskatu die Arnaldo Otegik.

2003ko abenduaren 16a
17:00
Entzun
Hautagaitza hori, alderdi politikoek ez ezik, sindikatuek eta gizarte taldeek osatuko lukete. Bergaran (Gipuzkoa) egin duten proposamenaren aurkezpena, Telesforo Monzon buruzagi abertzale zenaren etxean, Olaso Jauregian, hain zuzen.

Ezker abertzalearen ustez, Euskal Herriak "une gogorrak baina itxaropentsuak" bizi ditu. "Bidegurutzean gaude eta demokrazia, autodeterminazioa eta bakearen alde indarrak metatzeko garaia da, Euskal Herriaren etorkizuna dagoelako jokoan", esan du Rafa Diez LAB sindikatuko idazkari nagusiak. Horregatik, Espainiako Hauteskunde Orokorrei begira "kandidatura bakarra aurkeztea" proposatzen die Batasunak "abertzaleei eta autodeterminazioa" defendatzen duten orori, "bakea eta demokrazia" hurbilago egongo direlakoan.

"Espainiako hauteskundeetan autodeterminazioaren alde indar politiko, sindikal eta sozial guztien artean kandidatura bateratua osatzea. Kandidatura hori osatuko luketenek Euskal Herriaren ordezkaritza hartuko lukete bere gain Espainiaren aurrean. Kandidatura honen helburua, gure herria ordezkatuz, Espainiarekiko harreman eta negoziazio prozesuaren bidez Euskal Herriarentzat aitortza lortzea izango litzateke", esan du Diezek.

Proposamen honi buruz Arnaldo Otegik ere hitz egin du eta esan du, "ulertezina litzatekeela aukera hau pasatzen uztea". Eragile politiko eta sindikalek ez dutela proposamen hau gaur ezagutu komunikabideen bidez azpimarratu du, baizik eta aurrez aurkeztu zitzaiela, eta erantzunak ere ez duela mediatikoa izan behar. "Erreflexioa eta zuhurtasuna" eskatu du Otegik. Beraz, eragile politikoei ardura politikoa eskatu die eta komunikabideei herri ardura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.