Espainiako hauteskunde orokorrak

"Indar progresistak" zerrenda bateratu batean elkartu nahi dituzte

"Aro politiko berriaren alde" indarrak metatzeko deia egin dute gaur Euskal Herriko gizarte zibileko hainbat lagun ezagunek. Espainiako hauteskundeetarako Hegoaldeko hautagaitza bateratua sustatuko dute. 

Ekimenaren bultzatzaileak, gaurko agerraldian. ARGAZKI PRESS
2015eko uztailaren 22a
07:43
Entzun

Euskal Herriko gizarte zibileko hainbat lagun ezagunek "aro politiko berria" baliatu nahi dute, haren "alde" Espainiako hauteskundeetarako Hego Euskal Herriko "hautagaitza bateratua" sustatuta. Horren berri emateko, agerraldia egin dute Bilboko hotel batean.

Ekimen hau gizartearen "gehiengoari" erantzuteko eratu dutela azaldu dute. Aldaketa soziala, erabakitzeko eskubidea eta pluraltasuna eta indarkeria guztiei uko egitea izango dira balizko zerrenda bateratuaren ardatzak. Gizarte zibileko kideak dira oraingoz sustatzaileak: gehienak unibertsitate arlotik etorriak, baina baita mugimendu feministan eta ekologistan eta euskalgintzan jatorri dutenak.

"Zailtasunak" gainditzeko, unibertsitatetik abiatu da ekimena, baina bertatik maila sozial gehiagotara heltzeko nahia azaldu dute. Hala ere, hautagaitzaren sustatzaileek gonbita egin diete "indar politiko progresistei" proiektuarekin bat egin dezaten. Nafarroako gobernu berria aipatu dute, agintzeko elkartu diren alderdiei erreferentzia eginez, eta Espainian, Herrialde Katalanetan eta Galizian arrakasta izan duten herri hautagaitzak ere aipatu dituzte. Hego Euskal Herriko "indar progresista guztiak" batzeko asmoa dute, "bai EAEkoak bai Nafarroakoak".

Horrela, Ramon Zallok dei argia egin die EH Bildu, Ahal Dugu, Ezkerra, Irabazi eta Equo alderdiei. Zallok aurreratu du dagoeneko hasiak direla EH Bildurekin hitz egiten, eta "hitz egiteko prest" azaldu direla. Gainerako alderdiek ere ekimen honen asmoen berri dutela aipatu du, eta datozen egunetarako "albiste onak" espero dituztela haiengandik. Aldiz, EAJrekin ez dute akordiorik lortzeko itxaropen handirik, "zentzugabea" litzatekeelako. 

Ekimen hau "behar bati" erantzuteko sortu dute, PPren "politiken aurka" egiteko asmoarekin. Hori lortzeko, herritarren interesak "siglen interesen gainetik" jartzea eskatu dute.

Proiektua aurkeztuta, sinadura bilketari ekingo diote orain, eta irailerako zerrenda itxita izatea espero dute. Oraindik ez dute erabaki bat egiten duten alderdi politikoetako kideen izenak zerrendaburu izango ote diren, edo, aldiz, gizarte mailako pertsonak izango diren. Edonola ere, sinadura nahikoak  biltzen dituztenean ekitaldi handi bat egiteko asmoa agertu dute.

Unibertsitatetik dator ekimena

Ekimenaren aurreneko sinatzaileak 24 lagun dira; oro har, unibertsitate alorrekoak eta gizarte mugimenduetan dabiltzanak dira.

Honako hauek osatzen dute sinatzaileen zerrenda:

Ramon Zallo (EHUko katedraduna)

Mari Luz Esteban (EHUko irakaslea)

Begoña Zabala (feminista eta internazionalista)

Jose Ramon Mariño (ekonomialaria eta ATTACeko kidea)

Irantzu Varela (Faktoria Lila)

Mariano Ferrer (kazetaria)

Yolanda Jubeto (EHUko irakaslea)

Alfonso Dubois (EHUko irakaslea eta kooperantea)

Pedro Ibarra (EHUko katedraduna)

Francisco Letamendia Ortzi (EHUko irakaslea)

Iñaki Barcena (EHUko irakaslea eta ekologista)

Mikel Gomez Uranga (EHUko katedraduna)

Beatriz Plaza (soziologoa eta feminista)

Juan Hernandez Zubizarreta (EHUko irakaslea)

Juana Aranguren (abokatua eta feminista)

Beatriz Zabalondo (EHUko irakaslea)

Leire Groven Hernandez (soziologoa eta feminista)

Xabier Barber (sindikalista)

Mikel de la Fuente (EHUko irakaslea)

Petxo Idoiaga (EHUko irakaslea)

Luis Guridi (EHUko irakaslea)

Idoie Zabala (EHUko irakaslea)

Victor Pozas (EHUko irakaslea)

Iratxe Fresneda (EHUko irakaslea eta kazetaria)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.