Indar txikiko bonbak lehertu dira Madrilgo bost gasolindegitan

ETAren izenean eginiko dei batek ohartarazi zuen lehergailuen kokalekuez; ez zen zauriturik izan

Erredakzioa
DONOSTIA
2004ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
ETAren izenean abisua eman ostean, indar txikiko bost lehergailuk eztanda egin zuten atzo Madrilen, inguruko bost gasolina zerbitzugunetan. Leherketak 18:30ean gertatu ziren. Poliziek gasolina zerbitzuguneak jendez hustu zituzten, eta leherketek ez zuten zauriturik eragin. Eragindako kalte materialak ere urriak izan ziren. Nolanahi ere, Espainian jaiegunak dira gaurtik asteazkena bitarteko egunak, eta Madrilgo jende asko errepidean zen atzo. Ondorioz, kolapso handia sortu zen Madrildik Valentziara, A Coruñara, Burgosera, Extremadurara eta Andaluziara doazen errepideetan.

17:30ean ETAren izenean mintzatu zen norbaiten deia jaso zuen Gara egunkariak, Madril inguruko bost zerbitzugunetan beste horrenbeste lehergailu zeudela esanaz. Gasolina zerbitzuguneak zeintzuk ziren eta lehergailuek zein ordutan egingo zuten eztanda jakinarazi zuen deia egin zuenak. Gara-k segituan eman zion berria Ertzaintzari, eta honek Espainiako Barne Ministerioa ohartarazi zuen.Hain justu, Casa de Campo alboko gasolina zerbitzugunean, Vallecas auzoko campusaren albokoan, A-6 errepide inguruan den hipodromo ondokoan, Bp Shop-ek A-42 errepidean duen gasolina zerbitzugunean eta M-607 errepideko bosgarren batean izan ziren eztandak. Lau zerbitzugune Repsol katearenak dira; bostgarrena, Bp Shop-ena. Poliziek bost gasolina zerbitzuguneak leherketen aurretik jendez hustu zituzten, eta ez zen zauriturik izan. Espainiako Barne ministro Jose Antonio Alonsok prentsaurrean zehaztu zuenez, bi polizik belarrietan kalte arinak jasan zituzten, eztandetako baten eraginez. Kalte materialak ere ez ziren nabarmenak izan, Alonsoren arabera, betiere.

Gasolina zerbitzuguneen inguruetan zeuden kokatuak

Prentsaurrekoan, lehergailuak gasolina zerbitzuguneen inguruneetan non zeuden zehazki azaldu zuen Espainiako Barne ministroak, halaber. Haietariko bat gasolina zerbitzugunearen etxetxo baten barruan zegoela, beste bat zuhaitz baten azpian ezkutatua zegoela, hirugarren bat zabor ontzi batean zegoela eta beste bat zuhaixka batzuen artean jarri zutela zehaztu zuen Alonsok. Berri agentzien arabera, inguruko lorategi batean zegoen kokatua lehergailu hori. Vallecas alboan lehertutakoa, berriz, zerbitzugunetik 40 metrora, malkar batean zegoela esan zuen bertako langile batek.

Zantzu guztiek atzoko atentatuen egilea ETA erakundea izan zela pentsarazten dutela esan zuen Alonsok. Gara-ra eginiko deia jarri zuen, besteak beste, hori pentsatzeko arrazoitzat. Halaber, Espainiako segurtasun indarrak atentatuen nondik norakoak argitzeko lanean ari direla esan zuen. Besteak beste, Poliziaren artezilariak atentatuen guneak aztertzen ari zirela adierazi zuen, leherkari mota eta kopurua zein zen zehazteko. Hala, lehen datuen arabera, leherkari kopuru txikiak erabili zirela eta indar gutxiko eztandak sortu zituztela jakinarazi zuen Alonsok. Ikerketa lanak, halaber, segurtasun indar guztien arteko koordinazioaz ari direla bideratzen nabarmendu nahi izan zuen Barne ministroak, «atentatuak argitzeko, eta egileak atxilotzeko». Hala, polizien lanean konfidantza izateko eta lasaitasuna gordetzeko eskatu zien herritarrei. Haien lana goraipatu zuen, «denbora gutxian arrisku oro saihestea» lortu zutelako. Segurtasun indarrek Espainiako Gobernuaren babes osoa dutela ere adierazi zuen Barne ministroak.ETAk egindako azken atentatua azaroaren 13an gertatu zen; Belaguan Espainiako Armadan duen aterpean bi lehergailu zartarazi zituen. Madrilen, berriz, ez du atentaturik egin 2002ko abenduan Antonio Molina Martin guardia zibila hil zutenetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.