Indarkeria matxista

Indarkeria fisikorik gabeko erasoak bortxaketatzat jotzeko bidea ireki du Madrilek

Sexu indarkeriari buruzko lege aurreproiektua onartu du Espainiako Ministroen Kontseiluak. Parlamentuak onartuz gero, Zigor Kodea aldatuko dute, delitu berriak txertatzeko, eta «soilik bai izan dadin bai».

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean Donostian egindako elkarretaratzea, iaz. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko martxoaren 3a
14:41
Entzun

Askatasun sexuala babesteko eta sexu indarkerien kontrako lege integralaren aurreproiektua onartu du Espainiako Ministroen Kontseiluak. Azken urteetan halako delituei lotutako epaiketetan izandako eztabaidei heldu dio Berdintasun Ministerioak, eta proposatu du bortxaketa gisa hartzea emakumeen onespenik gabeko ekintzak. Hau da, onespena izango da bortxaketa egon den ala ez ebazteko baldintza, eta ez larderia eta indarkeria. Honela dio gobernuaren proposamenak: «Ulertuko da onespenik ez dagoela baldin eta biktimak ez badu libreki azaldu, ezin eztabaidatuzko ekintza dudagabeen bidez, [...] baduela borondatea jarduera horretan parte hartzeko». Beraz, legearen arabera, aurrerantzean «bai soilik izango da bai». Horrela, Zibor Kodea Istanbuleko Kodeak esaten duenera egokituko da. Irene Montero Berdintasun ministroak iragarri du erabakia, kontseiluaren ondoren eman duen prentsaurrekoan. Nabarmendu duenez, «mugimendu feministarena» da «bai soilik da bai» legea.

Espainian egun indarrean dagoen genero indarkeriaren aurkako legedia 2005ean onartu zen. Ordutik, leporatu izan zaio bikote harremanen inguruan gertatzen den bortxan jartzea arreta baina ez gainerako indarkeria sexual kasuetan. Gaur onartutako lege proposamenak horri ez ezik, azken urteetako beste arazo bati erantzuteko gakoa ere eduki dezake: gehiegikeria eta eraso sexuala ez dira bereiziko. Hau da onespenik gabeko sarketa badago, beti bortxaketa izango da. «Paradigma aldaketa» gisa definitu du Berdintasun Ministerioak, eta ziurtatu du askatasun sexualaren aurkako delituetan epaileek zigorrak ezartzeko duten marjina handituko duela, eta horiek proportzionalagoak izango direla.

Delitu berriak ere sartuko dituzte Espainiako Zigor Kodean. «Noizbehinkako jazarpena» izango da horietako bat: orain arte «kaleko jazarpen» gisa hartutako erasoak delitu izango dira; kalean ez ezik, baita tabernetan, festa pribatuetan, kontzertuetan eta halakoetan gertatzen direnean ere. Delitu arinak izango dira, eta honela definitu ditu gobernuak: «Biktimari objektiboki egoera umiliagarria, aurkakoa edo beldurgarria dakarkioten adierazpen, portaera eta proposamen sexualak eta sexistak». Askotariko zigorrak jarriko zaizkie erasotzaileei: etengabeko lokalizazioa, komunitatearentzako lanak eta isunak.

Zigor aldaketak

Bestalde, zigorrak ere aldatuko dituzte. Esaterako, sexu askatasunaren aurkako delituek urtebete eta lau urte arteko kartzela zigorra izango dute. Bortxaketei dagokienez, erasotzaileek lau eta hamabi urte arteko zigorra izango dute larrigarririk ez dagoenean –egun lau eta hamabi urte arteko zigorrak jasotzen dituzte–; zazpi eta hamalau urte artekoa izango da larrigarri bat dagoenean; eta bederatzi eta hamabost urte arteko bi larrigarri dauden kasuetan. «Kriminologia ikuspuntutik, bortxaketa batek ezin du eduki homizidio batek (10-15 urte) eta hilketa batek (15-25 urte) baino zigor handiagoa», nabarmendu du Berdintasun Ministerioak. Jazarpen sexualari –lan, ikasketa edo desberdintasun egoeran eskakizun sexualak egin eta beldurra, etsaitasuna eta umiliazio larriak eragiteari– ezartzen zaion zigorra, aldiz, igo egingo da. Hiru eta zazpi hilabete artetik sei eta hamabi hilabete arteko kartzela zigorrak egongo dira, eta inhabilitazioa ere jaso dezakete.

Kode Zibila aldatuko da hainbat larrigarri sartzeko ere; esaterako, sexu delituetan indarkeria eta «min larria» egotea. Gainera, ahaidetasunaren larrigarria ere zehaztuko da, argi uzteko zigorra handiagoa izango dela biktima erasotzailearen bikotekidea edo bikotekide ohia denean.

Zigorrak bi urte baino txikiagoak direnean, erasotzailea ez da kartzelan sartuko, baina berdintasunari eta heziketa sexualari buruzko programetan parte hartu beharko du, eta ezingo da biktimarengana gerturatu edo harekin komunikatu, genero indarkeria kasuetan bezala.

Monterok nabarmendu duenez, «fokua zabaldu» nahi dute, «indarkeria matxistatzat hartuz bizitza sexualaren inguruan askatasunez erabakitzeko eskubidea urratzen duen edozein jarrera». Horietako batzuk dira eraso sexualak, jazarpen sexuala, zelatatzea, engainua, pederastia eta berariaz sexu bidezko transmititzen diren gaixotasunak kutsatzea.

Dena den, zigorrak baino gehiago azpimarratu du Monterok egitasmoaren «integraltasuna»; hau da, helburua indarkeriaren «prebentzioa» dela, halakoak jasan dituzten emakumeei laguntzea eta erreparazioa ematea. Horretarako, delitu sexualak jasan dituzten biktimentzat «krisi zentroak» sortuko dituzte, eguneko 24 orduetan informazioa eta laguntza eduki dezaten. Gainera, espezializatutako epaitegiak arduratuko dira kasuez.

Ministroen Kontseiluak onartu berri duen aurreproiektuak Atzerritarren Legea aldatzea ere badu jomugan. Horrela, indarkeria sexuala jasan duten emakumeak ezingo dituzte deportatu euren kasua ebazten den bitartean.

PSOEren eta Unidas Podemosen koalizio gobernuan lehen tirabirak eragin ditu gaurko testuak, Madrilgo hedabideek zabaldu dutenez. Izan ere, sinbolismo handiagoa ematearren, Berdintasun Ministerioak Martxoaren 8ko astean onartu nahi zuen, baina PSOEko kideek epaitegi espezializatuei eragiten dieten xehetasunak findu nahi zituzten, ziurtatzeko proiektuak ez dituela urratzen erkidegoen eskumenak.

Hainbat pauso eman beharko ditu oraindik lege aurreproiektuak. Txostenen fasetik igaro beharko du lehenik, eta gero, Espainiako Kongresuan izango dute eztabaidagai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.