politika

Indarkeria gaitzestearen "helburua gatazkaren izaera politikoa ezkutatzea" dela dio Ezker Abertzaleak

Rubalcabari erantzunez, bere "proiektua" dela Espainiako Gobernuari "beldurra" ematen diona adierazi du.

2009ko abuztuaren 4a
11:09
Entzun
Ezker Abertzaleak adierazi du indarkeria gaitzestearen "helburua gatazkaren izaera politikoa ezkutatzea" dela eta bere "proiektua" dela Espainiako Gobernuari "beldurra" ematen diona. Alfredo Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak esan zuenari erantzunez egin ditu adierazpenak. Batasunak indarkeria gaitzetsi arren, ez zuela Batasuna legeztatu adierazi zuen atzo Rubalcabak.

Burgos (Espainia) eta Mallorcako (Herrialde Katalanak) atentatuen inguruan ere irakurketa egin du Ezker Abertzaleak komunikatuan eta "kezkatuta" agertu da Espainiako Gobernuak "gatazka politikoa bide polizial hutsetatik konpontzeko hartu duen jarreragatik". Elkarrizketaren alde egin du eta negoziazio horrek "erakunde sindikal eta eragile" guztiak hartu beharko lituzkeela adierazi du.

Aurrera begira, ezker abertzaleak beste eszenatoki baten aldeko apustua berretsi du, eta "eszenatoki demokratiko baten eraikuntzan" bere ekarpena egiteko prest agertu da."Bide horretan denek beharko ditugu hartu jarrera eta erabaki zintzo eta ausartak. Ezker abertzaleak ez dio erantzukizun horri ihes egingo", gaineratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.