Indarkeria jasan duten andreen zaintza egiteko prest agertu dira bizkartzainak

Espainiako Gobernuak bizkartzainak jartzeko neurria aztertuko duela iragarri du Ana Mato Berdintasun ministroak

Cristina Estebanezen hilketa salatzeko elkarretaratzea, Bilbon, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
mikel p ansa
2012ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko bizkartzainak prest daude indarkeria matxista jasan duten andreen zaintza egiteko. Hala jakinarazi du Bizkartzain Aktiboen Elkarteak. ETAk iazko urrian jardun armatuaren bukaera iragarri zuenetik, bizkartzainak murriztu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak, eta sektoreko langileak kezkaturik daude: 500 bizkartzain lanik gabe gera daitezkeela adierazi izan dute.

Espainiako Gobernuarekin izan dituzten bileretan aukera batzuk proposatu izan dituzte bizkartzainek, haietako bat, indarkeria matxistaren biktimen zaintza egitea. Ana Mato Espainiako Berdintasun ministroak herenegun adierazi zuen neurri hori ezartzeko borondatea duela. Barne Ministerioa eta Berdintasun Ministerioa laster bilduko direla jakinarazi zuen Matok, eta gaia aztertuko duela; erreferentzia zuzena egin zien, gainera, Euskal Herrian lanik gabe gelditu diren bizkartzainei. Matok ez zuen baztertu, neurria ezarriko balitz, segurtasun pribatua kontratatu behar izatea; bizkartzain lanak egiten dituztenak baino askoz gehiago baitira indarkeria jasaten duten emakumeak.

Hego Euskal Herriko bizkartzainen elkarteak atzo adierazi zuen pozgarria litzatekeela Matoren iragarpena betetzea: «Oso albiste ona da. Hain justu, exekutiboarekin izan ditugun bileretan gure kolektiboak proposatu duen konponbidea baita». Hego Euskal Herriko bizkartzainen elkartea ere biltzekoa da Matorekin.

«ETAk mehatxatutakoak babesten izan dugun arrakasta errepikatzea gustatuko litzaiguke indarkeria jasan duten andreekin», adierazi dute bizkartzainek: «Bizkartzain pribatuak prestatzen ari gara egoera honetarako, 2005etik; beharrezko garen tokira joateko prest gaude, baita lanerako lekuz aldatzeko ere».

Eusko Jaurlaritzak ere aztertu zuen gaia iazko udan; andreei bizkartzainak jartzea ez, baina haientzako kontrazaintza egitea bai, onartu zuen azkenean. Herrizaingo Sailak jakinarazi zuen arriskuan diren emakumeen inguruan gorabeherarik ez dela ziurtatuko duela Ertzaintzaren bizkartzain taldeak.

Talde feministen kritikak

Emakume taldeen eta talde feministen artean, berriz, kritika ugari sortu izan ditu andreei bizkartzainak jartzeko aukerak. Tere Saez Andreako kideak ez zuen neurria guztiz baztertu kasu jakinetarako, baina ohar hau utzi zuen: «Eguneko ordu guztietan bizia kontrolpean izateak nekez bermatzen du pertsona baten autonomia. Biktima gisa bizitzera behartzen du, eta biktima bat dela sentiarazten dio». Emakundek ere adierazi izan du ezinezkoa dela indarkeria jasateagatik mehatxatuta dauden andre guztiei zaintza jartzea. Bilgune Feministak, berriz, kritikatu izan du «errazagoa» dela emakumearen askatasuna baldintzatzea: «Zergatik ez da inoiz hitz egiten zaintzailea erasotzaileari jartzeaz?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.