Legealdiko azken osoko bilkura. Genero indarkeria

Indarkeria matxistaren aurkako legea aho batez onartu du Nafarroak

Parlamentuak babes osoa eman dio 2002ko legea ordezkatuko duen testuari.«Ontzat» eta «beharrezkotzat» jo dute talde guztiek.Oposizioak kezka agertu du, halere, zehaztasun faltagatik

Astelehen Lilak taldeko kideen protesta bat, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2015eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Nafarroako 50 parlamentariek eman diote babesa. Atzo, legegintzaldiko azken osoko bileran, Nafarroako Parlamentuak aho batez onartu zuen emakumeen aurkako indarkeriaren kontra egiteko legea. 2002ko testua ordezkatu, eta duela hamahiru urte onartutako lege horrek zituen hutsak konpondu nahi izan ditu oraingoak. Izenak berak dakar berrikuntza nagusietako bat, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako legea dela zehazten duelako, 2002koak ez bezala. Esparru zabalagoa hartu du, gainera, emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak jorratu eta giza eskubideen aurkako erasotzat jo dituelako.

Oposizioko taldeek ere «ontzat» eta «beharrezkotzat» jo dute onartutako legea, atzo testu berriari buruzko hainbat zalantza mahai gainean jarri zituzten arren. Esan zuten, bereziki, legeak gobernuak garatu beharreko planaren esku uzten duela hainbat neurri zehazteko lana.

Duela urte eta erdi hasi zuen gobernuak atzo onartutako legea prestatzeko bidea. Oposizioko taldeek onartu dute parte hartzea zabala izan dela, emakume elkarteek egindako proposamen guztiak aintzat hartu ez badituzte ere. Uste dute aurrera egiteko balioko duela legeak, baina argi utzi dute testuak bakarrik ezin izanen diola aurre egin emakumeen aurkako indarkeriari. «Aldaketa soziala behar da, eta patriarkatuaren egituren kontra egin», erran zuen Bilduko parlamentari Bikendi Bareak. Matxismoaren aurkako politikek gobernuaren jarduera osoa ukitu behar dutela gaineratu zuen.

PSNko kide Maite Esporrinek ere ildo beretik mamitu zuen bere solasaldia, eta, Ezkerrako Txema Mauleonek bezala, UPNren gobernuak azken urteotan egindako murrizketak salatu zituen. Mozketa horiek berdintasunaren arloa ere ukitu dutela erantsi zuen, eta haien ondorioz, halaber, mendekotasunen bat dutenen zaintza, adibidez, emakumeen bizkar gelditu dela berriz ere. Mauleonek gogoeta eskatu zuen, datuek erakusten dutelako emakumeen aurkako indarkeriak ez duela behera egin.

«Aitzindaria»

Nafarroako Gobernuko Gizarte Politiketarako kontseilari Iñigo Allik «aitzindaritzat» jo zuen Nafarroako emakumeen aurkako indarkeriaren kontra egiteko legea. «Nazioarteko esparru juridikoa hartu dugu kontuan», azaldu zuen. Nabarmendu zuen legeak bultzatuko duela indarkeria jasan duten emakumeak artatzen dituzten profesionalen formakuntza; emakume horiek artatzeko eta laguntzeko neurriak martxan jartzeko «tresnak» ere jaso dituela testuak; eta, azkenik, ebaluazioak eginen dituztela legea eraginkorra ote den ziurtatzeko.

Legeak bide emanen du emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko ikerketak egiteko, emakume horiek esparru guztietan artatzeko eta laguntzeko, indarkeria horri aurrea hartzeko lana egiteko, hezkuntza jorratzeko, eta enpleguaren edo etxebizitzaren arloan emakumeen aldeko neurriak hartzeko, bertzeak bertze.

Bide horretan urratsak egiteko, hain zuzen, aurrekontua behar dela nabarmendu zuen Aralar-NaBaiko parlamentari Asun Fernandez de Garaialdek. Hau da, legeak dirua behar duela eraginkor izateko. Testuak zuzenketen bidez jaso du gobernuak bideratuko duela neurriak martxan jartzeko beharrezkoa den aurrekontua. Legea onartuta, lanari ekiteko ordua dator.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.