Indarkeria matxista

Indarkeria matxistaren aurkako protesta egin dute Baionan

Ehunka emakumek feminizidioen biktimak omendu dituzte Baionan. Astelehenean indarkeria matxistaren aurkako eguna izango dela-eta bildu dira, baliabide gehiago eskatzeko.

Indarkeria matxistaren aurkako manifestazioa Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2019ko azaroaren 23a
18:30
Entzun

Larunbat honetan, feminizidioak salatzeko elkarretaratze bat egin dute dozenaka emakumek. Matxismoak hiltzen gaitu eta Sistema patriarkala sutara pankarten atzean lerrokatu dira, isilik eta beltzez. «Erailak diren emakumeen ahotsa ez da entzuten, eta, erailak izan aitzin ere, bortizkeria matxistagatik jartzen dituzten salaketak ez dira kontuan hartzen», azaldu du Kloe Etxamendik. Oroitarazi du indarkeria matxistak 137 emakume erail dituela Frantziako Estatuan urte hasieratik: «Ipar Euskal Herrian hiru emakume hil dira aurten, eta azkena duela pare bat aste, Baionan». Elkarretaratzeaz gain, Baionako karriketan kolaketak egin dituzte indarkeria matxistaren aurka eta instituzioen jarrera salatzeko. Aitak ama hil du, justizia eta polizia konplize zarete gisako esaldiak irakur daitezke paretetan.

Arratsaldean, San Andres plazatik abiatu dira manifestariak PAF eta Zutik elkarte feministen deialdirako. Merkatuko plazara iristean, biktimak oroitzeko ekintza egin dute, Ipar Euskal Herrian izandako biktima bakoitzaren izena zeramaten pankartak lerrokatuz. Plazaren izena aldatzeko panel bat jarri dute: Feminizidioen Biktimen Plaza izendatuko dute hemendik aurrera. 2005. urtetik, 25 emazte erail ditu bortizkeria matxistak, horietarik hiru urte honetan. «Emazteak izateagatik erailak izan dira» salatu du Zutik kolektiboak.
Herriko Etxean, Baionako emakume kurduek hartu dute hitza. Rojavan (Kurdistan) dagoen egoera ekarri dute gogora. Hango «iraultza feminista mundu osoarentzako eredu bat» izatea nahi dute. «Gerrek emakumeen zapalkuntza daukate oinarrian, eta horri aurre egiteko emakume kurduek iraultza bat abiatu dute. Denak aske bizi arte borrokatzen segituko dute». Kurdueraz, emakumeak, bizitza, askatasuna oihukatu dute denek batera.
Baionako suprefeturako hesietan, feminizidio biktimen izenak zintzilikatu dituzte. Biktimak omentzeko, baina baita Frantziako Estatuari baliabideak eskatzeko ere. Joana Detxarten ustez,  «Frantziako Estatuak ez du baliabide ekonomikorik ezartzen bortizkeria matxistaren aurka egiteko.. «Poliziak eta justiziak ez dute ezer egiten, emazteek salaketa ezartzen dutelarik ez dira entzunak. Guk entzunak izan nahi dugu».

Ikusgarritasuna helburu
Marie Kurutxet militante feminista da, Ez dut asko kolpatu, nire burua maiz kontrolatu dut zioen pankarta eraman du eskutan. Kurutxet: «Nire aitak esandako esaldi bat da. Uste dut ez dugula neurtzen bortizkeria denetan dagoela, isildua delako. Baina gizon bortitzak ez dira soilik munstroak: aitak edo senarrak ere badira, egunero ikusten ditugunak». Manifestazioak ikusgarritasuna lortzea du helburu bere ustez. Eta berekin bat egin du Iduzki Subelet Fagoagak: «Ez da egun bateko kontua, berez jendartean dagoen arazo bat da, egunerokoa. Baina horrelako egunek ikusgarritasuna ematen diote arazo horri».

Suprefetura aitzinean, bortizkeria matxistari aurre egiteko baliabideak eskatu dituzte kolektibo feministek. Frantziako Gobernuak martxan jarri duen Grenellea kritikatu dute: «Ez dago baliabide ekonomikorik profesionalak formatzeko, hezkuntza egokia egiteko. Baliabideak beharrezkoak dira eta ukan arte segituko dugu».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.