Kontzentrazioa egin da Bilboko udaletxearen parean Almudena Matarranzen hilketa gaitzesteko. Herritarrekin batera Eusko Jaurlaritzako ordezkariak eta Bilboko Udaleko zinegotziak izan dira. Besteak beste, han izan dira Emakundeko zuzendari Izaskun Landaila, Jose Andres Blasco Enplegu sailburuordea, Bilboko alkate Juan Maria Aburto eta Erandioko alkate Joseba Goikuri.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako eledunak asteroko agerraldian gogor gaitzetsi du hilketa, eta Jaurlaritzak "indarkeria matxistaren gaitzarekin bukatzeko konpromisoa" berresten duela azpimarratu du.
Bizkaiko Foru Aldundiaren eledun Elena Unzetak, berriz, matxismoaren kontra elkarlanean jarduteko deia egin die herritarrei zein erakundeei.
Isilik ez egoteko deia
Erandioko Udalak goizean egin du 39 urteko emakumezkoaren hilketa gaitzesteko adierazpena. Udaleko alderdi guztietako ordezkariek izenpetu dute. Bertan, herritarrei eskatu diete ez egoteko isilik halako gertaeren aurrean, eta salatzeko emakumeen kontrako indarkeria kasuak.
Arratsaldeko 19:30ean Erandion bertan elkarretaratzea egin da Emakumeen Mundu Martxak deituta. Bihar protesta gehiago izango dira hainbat herritan mugimendu feministak deituta.