Genero indarkeria edo bortizkeria sexuala salatzen duten emakumeei auzitegietan egiten duten bidea errazteko, laguntzaile talde bat jarriko du martxan Eusko Jaurlaritzak Bilboko epaitegietan. Hala jakinarazi du Maria Jesus San Jose Justizia sailburuak: “Biktimak epaitegira doazenean jasaten duten estresa ahalik eta gehien murriztea izango da helburua”.
Probarako proiektu bat izango da, eta hilabete amaieran martxan egotea espero dute; Euskadiko Birgizarteratze Institutuak kudeatuko du, eta bost pertsonako lantalde bat edukiko dute, psikologoek, gizarte hezitzaileek eta langile sozialek osatuta. Besteak beste, biktimei prozeduren inguruko informazioa emateaz, epaitegietan sartzen laguntzeaz —erasotzailearekin topo egin ez dezaten— eta itxaronaldietan haiekin egoteaz arduratuko dira. Andreen seme-alabei ere zabaldu ahalko diete laguntza. Zerbitzua borondatezkoa izango da, hau da, biktimek behar edo nahi dutenean izango dute laguntza.
Sailburuak azaldu duenez, datorren urtean egingo dute egitasmoaren ebaluazioa, eta horren arabera erabakiko dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako beste epaitegietan ezarri ala ez.