GENERO INDARKERIA

Indarkeria matxistaren biktimekiko arreta indartuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Tratu txarrak pairatzen dituzten andreen eskura baliabide berriak jarriko ditu: arreta psikosoziala sendotu, zerbitzu sozio-juridikoa samurtu eta talde terapiak antolatuko ditu. Salaketa ipintzea ez da premiazkoa izango. Biktimen ahalduntzea eta arazoa "modu integralean" jorratzea nahi du diputazioak.

Gipuzkoako Aldundiko ordezkarien agerraldia. OIHAN VITORIA
Oihan Vitoria.
2015eko maiatzaren 13a
09:12
Entzun

Orain arte indarkeria matxistari aurre egiteko politika publikoek hartutako bidetik aldendu nahi izan du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta genero indarkeria jasaten duten emakumeei zuzendutako zerbitzu berriak aurkeztu ditu. "Arreta zerbitzuak emakumeak banan-banan artatzeko diseinatuak egon dira orain arte. Batez ere, bikotekideen artean gertatutako indarkeria kasuengan jarri dute arreta, eta soilik larrialdiei erantzun diete, errealitate sozialari erreparatu gabe", nabarmendu du Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek. Horri buelta emateko asmotan, "eredu integral bat" abiaraziko du diputazioak, eta tresna berriak eskainiko dizkie biktimei: besteak beste, esku hartze psikosoziala, arreta sozio-juridikoa eta talde terapiak.

- Esku hartze psikosoziala:
Harrera zentroetatik igaro diren emakumeen jarraipena egingo du aldundiak, segurtasuna, kontzientziazioa eta laguntza eskainiz.

- Arreta sozio-juridikoa:
Babes neurriez, doako justiziaz eta zuzenbide zibilaz bakarkako aholkularitza eta informazioa eskainiko diete biktimei eskarmentudun abokatuek. Atzerritartasunari eta dibortzioei buruzko arreta ere emango dute. Salaketa jartzea ez da beharrezkoa izango zerbitzuetara sarbidea izateko.

- Talde terapiak:
Emakumeentzat eta seme-alabentzat talde terapiak prestatuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak; orain arte bakarkako saioak baino ez zituen egiten. Donostialdean, Debabarrenan eta Bidasoa-Oarsoaldean hasiko dituzte talde terapiak, proba gisa. Biktimentzat onuragarria den kasuetan, erasotzaileek ere parte hartu ahalko dute. "Kasu zehatz batzuetan bakarrik".

Gainera, harrera zerbitzuak ere indartu asmo ditu aldundiak. Gaur-gaurkoz andreak artatzeko martxan dituen bi zentroei (20 lagunentzako tokia dago) beste bi gehituko dizkie aurrerantzean. "Emakumeek ingurune seguru bat izan dezaten, autonomia eskura dezaten eta jabekuntza landu dezaten, ikuspegi feminista batetik". Finean, biktimen ahalduntzea lortzea da erronka, diputazioko Berdintasun zuzendari Laura Gomezek nabarmendu duenez. "Biktimek bizi duten eskubide urraketa ez da norbanakoaren arazoa, gizartearen arazoa da, eta erakundeei esku hartzea dagokigu". Botere ikuspegia txertatzea ere beharrezkotzat jo du Gomezek: "Biktimen boteretzea lortu nahi dugu".

Transfobia, homofobia eta lesbofobia

Zerbitzu berriek indarkeria sexistarekin lotutako kasuak artatuko badituzte ere, ez dituzte alboratuko bestelako indarkeria kasuak. Izan ere, transfobia, homofobia eta lesbofobia ere aintzat hartuko ditu aldundiak. "Politika publikoek esperientzia urria dute halakoetan", ohartarazi du Indarkeria Matxistako zuzendari Euken Barreñak. Haren arabera, zerbitzua "prest" dago askotariko indarkeria kasuei aurre egiteko: "Lanean gertatzen dena, familia barrukoa, genero indarkeria, sexuala, ekonomikoa, espazio publikoetan nahiz aisialdian gertatzen dena, ikastetxean eta sarean...".

Azken bi urteotan aurrekontua %60 igo duela azaldu du diputazioak, eta arreta eredu berrirako 1,7 milioi euro jarriko dituztela urtean. Bi esparruren arteko lana izan dela azpimarratu du Rodriguezek, Berdintasun zuzendaritza eta Gizarte Politikako departamendua elkarlanean aritu baitira genero indarkeriari buruzko gogoetak bateratzen eta "arreta zerbitzu hobetuak" martxan jartzen. Bi gizarte langile kontratatuko dituzte, orobat. Neurriok aldundiaren "konpromisoarekin" bat datozela uste du Rodriguezek: "Gizon eta andreen arteko ezberdintasunei aurre egitea lehentasun izan dugu legealdian".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.