Koronabirusa Nafarroan

Indarkeria matxistaren zantzuak salatzeko eskatu du Nafarroako Gobernuak

Bakartze garaian indarkeria matxistako kasuak handitzeko arriskua dagoelakoan, kontzientziazio kanpaina bat jarri du martxan Nafarroako Berdintasunerako Institutuak.

Javier Remirez gaur eskainitako prentsaurrekoan. NAFARROAKO GOBERNUA
Iker Tubia.
2020ko martxoaren 21a
17:37
Entzun

"Bakartze garaian, emakumeen kontrako indarkeriak hor jarraitzen du. Inguruan inolako zantzurik antzemanez gero, abisatu. Ez egin zalantzarik. Etxean, aditu, deitu". Horixe da NBI Nafarroako Berdintasunerako Institutuak martxan jarri duen kontzientziazio kanpaina, gaur Javier Remirez Nafarroako presidenteordeak jakinarazi duenez. Hala, norbaitek indarkeria matxistako kasuren baten susmorik badu 112 edo 016 telefono zenbakietara deitzeko eskatu die. Larrialdietakoa da lehenbizikoa; informaziorako bigarrena.

"Etxean bakarturik, emakumeek beren ustezko erasotzaileekin bizi behar izanda, indarkeria egoerak larritu litezke, edota zailagoa izan liteke biktimek salaketa jartzea", ohartarazi du presidenteordeak. Oraingoz ez dute antzeman indarkeria matxistako kasuak gehitu direnik, baina, badaezpada ere, nahiago izan dute zuhur jokatu: "Prebentzioz eta egoerari aurrea hartuta jokatu nahi izan dugu, eta mezu argia helarazi nahi diegu emakumeei: ez daude bakarrik". 

Gobernuak gogorarazi du indarkeria matxistako kasuetarako baliabide eta zerbitzu guziak martxan dituztela orain ere: bai indarkeria matxistako kasuak babesteko eta artatzeko baliabideak, baita emakumeekin harremanetan jartzeko telefonoak ere. NBIk kanpainako afixak prestatu ditu, eta modu digitalean zabalduko dira. Horretaz gainera, osasun zentroetan, botiketan eta elikagai saltokietan ere paratuko dituzte, konfinamendu garaian horiek baitira jendea joan daitekeen tokiak. 

Horretaz gainera, jendeari etxean geratzeko deia egin dio, eta arauak "zorrotz" betetzeko: "Funtsezkoa da ahalik eta gutxien mugitzea, ezinbesteko denean eta soilik onartutako salbuespenetan; eta horietan ere, ahalik eta gutxien izan behar du". Bestalde, Poliziak bederatzi lagun atxilotu ditu Nafarroan alarma egoerako arauak ez betetzeagatik.  

Osasun zerbitzuen antolaketa

Santos Ilundain Osasun kontseilariak koronabirusari buruzko Nafarroako datuak eman ditu: 664 koronabirus kasu daude, eta hamar lagun hil dira. Haietatik 222 ospitaleratu behar izan dituzte; tartean, 25 ZIU zainketa intentsiboko unitatean daude. Kutsatuen artean osasun arloko85 langile daude. Egoera horretan, baliabideak egokitu behar izan dituztela adierazi dute prentsaurrekoan. Iruñeko ospitaletik kanpoko larrialdietarako bi zirkuitu jarri dituzte martxan: batean, arnas afekzioak dituzten pazienteak artatzen dira, eta, bestean, gainerako patologia larriak. Koronabirusa duten pazienteak artatzeko osasun langileen talde berezituak sortu dituzte, eta 112an ere soilik koronabirus kasuetarako erizain kudeatzaile bat paratu dute, gainerako lanekin aurrera egin ahal izateko. Izan ere, egunero 350 dei inguru jasotzen baitituzte 112an.

Migranteen babesa

Bestelako gaiak ere hizpide izan dituzte prentsa aurreko agerraldian. Eduardo Santos Migrazio Politiken eta Justizia kontseilariak esan duenez, osasun alorreko profesionalak diren berrehun migranteren curriculumak jaso dituzte azken egunetan. Osasun zerbitzuetan lanean aritzeko prest dira denak, eta  migranteek alarma egoera ezarri zutenetik izan duten "eskuzabaltasuna" eta "ardura" eskertu du. Izan ere, gogora ekarri du kolektibo zaurgarrienetako bat izan daitekeela.

Gogorarazi du pertsona guziak artatuko dituztela osasun zerbitzuek, osasun txartela izan zein ez, eta Atzerri Legearen administrazio epeak bertan behera daudela alarma egoeran. Horrekin batera, beste familia batzuekin pisua partekatzen duten migranteen egoeraren inguruan kezka agertu du: "Kutsadura kasuetan, berrogeialdi protokoloak ezin dira bete. Beraz, Etxebizitza Departamentuarekin lanean ari gara arazo honi aurre egiteko”.

Elikaduran ere, segurtasuna

Itziar Gomez Landa Garapeneko kontseilariak elikagaiei buruz hitz egin du. COVID-19ari aurre egiteko jokabide protokoloa aurkeztu du lehenbiziko sektorearentzat. Azaldu duenez, jarraibideak eta aholkuak dira, jendearen osasunerako neurriak hartzeko eta birusaren zabalpena kontrolatzeko. Ezarri dituzten gainerako neurri sozialen osagarritzat jo ditu. "Erabat beharrezkoa da elikagaien sektoreak lanean jarraitzea eta herritarrei elikagaiak eskaintzea, oinarrizko eta beharrezko zerbitzu bat emateko, baina baita lehenbailehen normaltasunera itzultzeko nahikoa erresilentzia bultzatzeko ere, kolpe ekonomiko larri bat saihestu ahal izateko", esan du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.