Foruzaingoak jakinarazi duenez, azken orduetan sei gizonezko atxilotu dituzte indarkeria matxistari lotutako delituak egitea egotzita. Noainen, 51 urteko gizonezko bat atzeman dute, bikotekide ohiarekiko zuen urruntze agindua urratzea egotzita. Emakume batek Noaingo Udaltzaingoari ohartarazi dio bikotekide ohia mehatxuka zuela, eta udaltzainek emakumearen etxeko atarian topatu dute gizona. Gerriko bat zeraman eskuan, eta bihurkin bat ere bazeraman. Atxilo eraman, eta Agoizko 1. Instrkuzio Auzitegiaren esku utzi dute.
Tuteran, berriz, 39 urteko gizon bat atzeman dute. Andre batek salatu du bere bikotekide ohiak hainbat aldiz jo duela, eta udaltzainek atxilo hartu dute. Atestatua Tuterako Emakumeen kontrako Indarkeriaren Auzitegiaren esku utzi dute.
Arguedasen, 50 urteko gizon bat da atxilotutakoa. Hari ere bikotekide ohiarekin komunikatzeko debekua urratzea egotzi diote. Beste hiru atxilotuei bikotekideei eraso egitea leporatzen diete; 22 urte ditu Barañainen atxilotutakoak, 40 urte Orikaingoak eta 36 Corellakoak.