Indarkeria matxistari lotutako salaketak «lehentasunez» tratatzeko eskatu du Darmaninek

Elkarte feministek salatu dute baliabiderik gabeko «komunikaziorako neurriak» direla

Feminizidioak salatzeko manifestazio bat, Baionan, 2019an. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko abuztuaren 4a
16:31
Entzun

Indarkeria matxistari aurre egiteko neurri sorta bat aurkeztu du Gerald Darmanin Frantziako barne ministroak. 2020an 120 feminizidio gertatu ziren Frantzian, Frantziako barne ministerioaren arabera. Urte berean, Ipar Euskal Herrian 83 urteko andre bat hil zuen haren senarrak, tiroz, Angelun (Lapurdi). Aurten, Bordele (Okzitania) inguruan gertatutako feminizidio baten harira, ikerketa batzorde bat osatu zuen Frantziako Gobernuak: Chahinez Daoud zuen izena biktimak, eta haren bikotekideak kalean su eman zion, maiatzean. Emakumeak hainbat salaketa jarri zituen aldez aurretik, jasaten zuen bortizkeria matxistarengatik.

Elkarte feministek afera horretan izandako «disfuntzioak» salatu zituzten, eta horren harira osatu zuen ikerketa batzordea Frantziako Gobernuak. Le Canard Enchaine kazetak, gainera, jakinarazi zuen Daouden salaketa hartu zuen polizia indarkeria matxistagatik kondenatua izan zela iragan otsailean, baina ez zuela Frantziako Polizian lan egiteko debekurik izan.

Polizia gehiago

Ikerketa batzordeak Frantziako barne ministroari eman dizkio eramandako azterketaren ondorioak. Hala, Darmaninek iragarri du indarkeria matxistarekin lotutako salaketa kasuek «lehentasunez» tratatuak izan beharko dutela, araberako neurriak ezarriz. Polizia eta Jendarmeria etxeetan indarkeria matxista kasuez arduratzen den Polizia buru bat ezarriko dute, agorriletik aitzina. Bestalde, Frantziako Estatu mailako arduradun bat izendatuko du Frantziako barne ministroak, «terrorismoaren eta droga aferen kasuan egiten den bezala». Oro har, indarkeria matxista kasuez arduratzeko polizia gehiago ezarri nahi du Darmaninek, «kasuen gorakadari» aurre egiteko. Datuen arabera, 2020an Frantziako Poliziak 395.207 esku hartze egin zituen indarkeria matxista kasuekin lotuta. Nous Toutes elkarte feministak galdera egin du: «Zer erran nahi du? Orain arte indarkeria matxista kasuak ez direla lehentasunezkoak?».

Bestalde, Polizia behartua izanen da biktimen salaketa hartzera. Izan ere, Frantziako justizia antolaketan, delitu txikietan kasua «seinalatzea» posible da, salaketarik ezarri gabe. Elkarte feministek salatzen dutenez, Polizia etxeetan indarkeria matxista kasuak seinalatzera bultzatzen dituzte biktimak, salaketarik ezarri gabe, «froga faltagatik». Hala, Darmaninek beharrezkoa bilakatu du salaketa hartzea: indarkeria matxista kasuetan seinalatzeak saihestu beharko dituzte poliziek. Nous Toutes elkarte feministak neurri horren harira salatu du «jadanik martxan» den neurria dela, eta «komunikazio operazio» bat dela. «Neurri gehienak dagoeneko indarrean beharko lukete, komunikazio efektu bat da: ekintzak behar ditugu. Polizia Etxeetan kontsigna da salaketa hartzea, eta, ez seinalatzea soilik. Errealitatean, leku anitzetan oraino seinalatzera mugatzen dira biktimak».

Armak jomugan

Azkenik, ikerketa batzordearen arabera hiru feminizidioetarik batean tiroz hiltzen dute biktima, gehienetan ehizako arma batekin. Hala, indarkeria matxistagatik kondenatuak izan diren gizonen fitxategia, eta, armak legalki dituzten herritarren fitxategia «sistematikoki konparatzeko» eskatu du Darmaninek. Bi zerrendetan agertzen diren herritarrei arma kentzen ahalko die Frantziako Poliziak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.