Indarkeria mota ororen biktimak aintzat hartzeko eskatu die Ezenarrok instituzioei

Aralarko zerrendaburuaren iritziz, ez dira soilik ETAren biktimak kontuan hartu behar.

2009ko otsailaren 24a
18:58
Entzun
Indarkeria mota guzien biktimak aintzat hartzeko eskatu die Aintzane Ezenarrok instituzioei. Aralarko Gipuzkoako zerrendaburuaren iritziz, ez dira soilik ETAren biktimak kontuan hartu behar, "batzuen sufrimendua besteenaren gainetik jartzen duelako, eta irain onartezina izateaz gain, baketik urruntzen gaitu".

Elgetan (Gipuzkoa) egin duen agerraldian gogora ekarri du Eusko Legebiltzarrak Terrorismoaren Biktimekiko Elkartasun Legea onartu duela aurreko legegintzaldian, "baina aintzatespen horretatik kanpo geratu dira hainbat lagun". Zehazki, frankismoaren biktimei eta gutxienez beste 109 hilketa izan ditu gogoan, "motibazio politikoaren indarkeriaren biktimak izan zirenak". Biktima horiek ez ziren ETAk eragindakoak izan, hainbat indar parapolizialek eragindakoak baizik.

Horiek hala, biktima guziak aintzat hartu eta haiek edota haien senideak artatzeko bulegoa sortzeko konpromisoa hartu du Ezenarrok. Era berean, haien egoera aztertzeko batzorde bat eratzeko asmoa agertu du.

Aralarko ordezkariaren ustez, "beharrezkoa" da "indarkeriaren espirala eta atentatu eta legez kanporatzeen dinamika apurtzea". Ildo horretan, "ezkertiar eta abertzaleak indarkeriari zilegitasuna kentzera" deitu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.