Bilboko konpartsek antolatuta, elkarretaratzea egin dute gaur ehunka lagunek, Arriagan, 18:00etan. Eraso sexistarik ez! leloarekin egin dute protesta.
Astelehen goizaldean emakume bat lurrera bota eta jo egin zuen gizon batek, Konpartsek salatutakoaren arabera. Inguruan ziren pertsonen artean gelditu zuten gizonezkoa, atxilotu zuten arte.
Jaiek seguruak eta erasoetatik askeak izan behar dutela aldarrikatu dute konpartsek, bat eginda: "Jai gunean ez da onartuko edozein motatako matxismo, sexismo, homofobia, lesbofobia eta arrazakeria jokaerarik".
Emakumeek jaiez eta espazio publikoaz gozatzeko eskubidea dutela ere nabarmendu dute, "inork gogaitu barik".
Larunbat arratsaldean, berriz, Ertzaintzak 24 urteko gizon bat atxilotu zuen. Bilboko Casilda parkean emakume bati sexu ukituak egitea leporatu diote.