Indarkeriaren biktima diren etorkinak ez dituzte kanporatuko gaurtik aurrera

Genero bortxaren biktima diren emakumeen aurkako zigor txostenik ez dute irekiko aurrerantzean

Erredakzioa
2011ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Gaurtik aurrera ez da irekiko kanporatze batekin amai daitekeen isun txostenik Hego Euskal Herrian bizi eta genero indarkeriaren biktima izanik erasotzailea salatzen duten emakume etorkinen kontra. Espainiako buletin ofizialak atzo argitaratu zuen Atzerritarren Legearen 31 bis eta 59 bis artikuluen aldaketa dakarren legea. Arau horrekin genero indarkeriaren eta sexu jazarpenaren biktima atzerritarrak babestu nahi dituela arrazoitu du Espainiako Gobernuak.

Hain zuzen ere, legeak dio erasotzaileak salatzera ausartukodiren emakume etorkinentzat baldintza hobeak ezartzea dela erreformaren helburuetako bat. Tratu txarren biktima den emakumeak lan eta egoitza baimenak eskatu ahal izango ditu haren aldeko babes neurriak ezartzen diren unean bertan edota Fiskaltzak genero indarkeriaren zantzuak daudela dioen txostena aurkezten duenean. Nolanahi ere, prozedura penala amaitzean erabakiko dute biktimari lan eta egoitza baimenak ematen dizkioten.

Era berean, seme-alaba adingabeentzako egoitza baimena eskatu ahal izango du, eta baita lanerako baimena ere, seme-alabak 16 urtetik gorakoak izan eta salaketaren unean Espainiako Estatuan daudenean. Haatik, epaileak salaketa faltsua dela ebatziko balu, emakumea eta seme-alabak kaleratzeko txostena martxan jarriko litzateke.

Halaber, legearen erreformak emakumeen salerosketaren biktima direnentzako babesa zabaltzea du helburu, «esplotatzaileen gaineko ikerketetan lagun dezaten errazteko». Salerosketaren biktima direnei 30 eguneko epea emango zaie sarearen aurka lagundu nahi duten ala ez erabakitzeko, eta baita egoitza eta lan baimena eskatzeko ere. Babesa seme-alabei eta senideei ere emango diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.