Udal taldeetatik soilik Bilduko zinegotziak izan ziren atzoko omenaldian, baina gaur eguerdian egin dutenean, udalean ordezkaritza duten lau taldeek hartu dute parte. Bertan izan dira, besteak beste, Gorka Landaburu kazetaria, Santi Oleaga Diario Vasco egunkariko zuzendaria zenaren alargun Amaia Guridi eta Alberto Soliño musikariaren alargun Maria Isabel Gonzalez. ETAk hil zuen Oleaga, eta Guardia Zibilak Soliño.
Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna da gaur, eta gaurko egunez egin diete omenaldia indarkeriaren biktimei. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak nabarmendu du "gutxieneko adostasun bat" lortu dutela "biktima guztiak" oroitzeko, eta gaineratu du herritarrek eskertu egiten dituztela horrelako keinuak.
Lore bana utzi dituzte oroitarrian lau talde politikoek. Halaber, "terrorismoaren" biktimei beste lore sorta bat utzi die PPk.