Biktimak

Indarkeriaren biktimen familiei "banakako arreta" ematen hasiko da Jaurlaritza

Aintzane Ezenarrok eta Enrique Ullibarriaranek hirurehundik gora biktimei telefonoz deituko diete, euren "premiak" ezagutzeko.

Jonan Fernandez, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
edurne begiristain
2014ko maiatzaren 30a
11:10
Entzun

Gertu. Biktimen arreta pertsonalizatua eta parte-hartzea sustatzea izeneko programa aurkeztu dute goizean Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak eta Monica Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak, Bilbon. Programaren bitartez, indarkeriaren biktimei "banan-banako arreta" eman nahi die Jaurlaritzak. Fernandezek azaldu duenez, harreman “pertsonal eta gizatiarragoa” eskainiko zaie biktimen familiei. “Komunikazio zuzena eta banan-banakoa” izango du gobernuak biktima guztiekin, “haien eskariak entzuteko eta horiei erantzuteko”. Indarkeriak hil eta Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren biktimen senideekin hasiko ditu zuzeneko harremanak, telefonoz. Biktimen nahiak eta kezkak zeintzuk diren jakin nahi dute horrela, horiei "konponbidea" emateko gero.

Datorren astetik aurrera jarriko da biktimen familiekin harremanetan Hernandok zuzentzen duen departamendua, eta urte amaiera bitartean arituko da zeregin horretan. Aintzane Ezenarrok eta Enrique Ullibarriaranek hotsegingo diete biktimen senitartekoei. Hirurehundik gora pertsonei deituko diete, eta haien "oinarrizko arretan dituzten premiak" identifikatzen saiatuko dira horrela. Elkarrizketa horiek grabatzeko aukera emango zaie biktimei, eta nahi izatekotan, lekuko horiek sortzear dagoen Memoriaren Institutuan gordeko dira ostean.

EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuak biktimen inguruan egindako azterlanaren ondorioz sortu da Gertu programa. Lehen fase honetan, indarkeriaren biktimekin harremanetan jarriko da gobernua, baina aurrerago beste  biktima guztietara ere zabalduko du programa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.