Juan Karlos Izagirre alkateak jakinarazi duenez, aditu independenteen talde batek egingo du oinarria, eta urtarrilerako lehen emaitzak jasotzea espero dute udalean. Alkatearen arabera, une honetan gai horri plano politikoan arduraz heltzea "ezinezkoa" da, eta, datorren urteko udal eta foru hauteskundeak buruan, gaineratu du gai horrek hauteskundeetako eztabaidetatik kanpo geratu behar duela.
Alkateak ez du zehaztu nortzuk izango diren aditu horiek, eta esan du Udaleko Giza Eskubideen Batzordean gaia hizpide izan arte ez direla izenak jakinaraziko. PPk eta PSEk ez dute parte hartzen batzorde horretan, baina nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Planarekin dabiltzanekin harremanetan daudela. "Udaletan memoria mapak osatzeko aholkuak eman dituzte, eta eurak ere ari dira mapa osatzen".
Azaldu du abenduan biktimen aldeko hainbat ekitaldi egitekoak direla, haiekin batera, eta Kolonbiatik ere etorriko direla. Gaineratu du Udaleko Giza Eskubideen batzorde berezira aurki deituko dutela "ekimen berri bat" aurkezteko. "Bakea denon artean eraikitzeko aldaketa esanguratsua ekarriko du", adierazi du Izagirrek. Ekimen hori abenduaren 10erako ari dira lantzen, Nazioarteko Giza Eskubideen Egunerako.