JASONE MENDIZABAL
Topaguneko lehendakaria
«Murrizketen ondorioz, guztiz mugatu da gure jarduera»
Elkarte gisa 2009an jaso zuen Topaguneak krisiaren lehen ondorioa: Gipuzkoako Foru Aldundiak ez zuen elkartearekin zuen hitzarmena luzatu. «Hori ez da zuzendu, eta gaur egun aurrekontuaren %5 baino ez da Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotzen duguna. Egitura handiena lurralde horretan dugula kontuan hartuta, pentsa zein den egoera», azaldu du Topaguneko lehendakari Jasone Mendizabalek. Aurten, gainera, Jaurlaritzak ere gutxitu dizkie laguntzak: %12 hitzarmenetan eta %9 diru laguntzetan. «Murrizketek guztiz mugatu dute gure jarduna. Gure eginkizuna bazkideei babesa ematea da, eta haiek dituzten erronketan laguntzea. Horretarako, ordea, apenas dugun baliabiderik».
Elkartearen egoera baino gehiago kezkatzen du, ordea, bazkideen jardunak. «Batik bat Nafarroan, hedabideak eta euskara elkarteak oso egoera larrian daude. Hedabideak laguntzarik gabe uztea kolpe gogorra izan da. Esan Erran irratia ixtea izan da aurreneko ondorioa, baina hurrengo hilabeteetan beste asko itxi beharko ez ote diren beldur gara. Egoera honetan, eta laguntzak kenduta, ezinbestean gertatuko da hori». Nafarroako aurrekontuei dagokienez, horrenbeste oihartzun izan ez duen beste datu bat azaldu du. Bereziki lurraldeko euskara elkarteei eragiten die datu horrek. Euskal kulturari lotutako jarduerak bultzatzeko aurtengorako diru saila hamar eurokoa izango da. «Kopuru horrek ondo baino hobeto erakusten du zein den haien borondatea. Existentzia bera ere ukatu nahi digute. Udalei ere ez diete inolako laguntzarik ematen euskara susta dezaten. Bi bideak itxita, etorkizuna iluna da».
Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren kasuan, joera aldaketa bat ikusi du Mendizabalek. «Azken urteetan jaitsierak egin dituztenak aldundiak izan dira. Aurten, ordea, Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiek eustearen alde egin dute. Jaurlaritza izan da mozketak egin dituena». Arabako Diputazioaren kasuan,murrizketak «nabarmenak» izan dira. «Gainera, laguntza guztiak Ogasunean dituzten diru sarreren arabera egongo dira. Beraz, gerta liteke laguntza bat espero eta gero ez egotea».
Euskalgintzako eragileei eta herritarrei amore ez emateko eskatu die. «Inoiz baino garrantzitsuagoa da euskaraz bizitzea: euskarazko hedabideak erosiz, euskarazko produktuak kontsumituz, euskaraz hitz eginez... Horrek ere bultzatuko ditu erakundeak jarreraz aldatzera».
ANDRES URRUTIA
Euskaltzainburua
«Ez dugu urte osoan ikerketak egin ahal izateko adina diru»
«Gogor» eragin diote murrizketek Euskaltzaindiari. Hala ziurtatu du Andres Urrutiak, euskaltzainburuak. Espainiako Gobernuaren aurrekontuekin zer gertatuko den zain, %20-25 diru gutxiago jasoko dute administrazioetatik. Horrek ataka zailean jarri du erakundea. «Ez dugu urte osoan ikerketak egin ahal izateko adina diru. Babesle edo laguntzarik lortu ezean, urrira arte baino ezingo ditugu egin halakoak». Diru falta dela eta, aurten iaz baino argitalpengutxiago kaleratuko dituzte. «Erdia gutxiago-edo publikatuko dugu».
Horrek eta oro har euskalgintzak duen egoerak euskararen normalizazioan izan ditzaketen ondorioekin kezkatuta dago Urrutia. «Dudarik gabe, emango dira atzerapausoak normalizazioan, edo behintzat geldotze bat. Kontua da krisiaren ondoren gai izango ote garen, gutxienez, egungo egoerara itzultzeko. Izan ere, autoetan gertatu den bezala, motor bat denbora luzez mugitzen ez bada, gero kosta egiten zaio martxan jartzea. Ajeak eta arazoak hor daude».
Hala, batzeko deia egin die euskalgintzako eragileei. «Sinergiak bilatuz, gure estrategiak findu eta zorrozteko gogoeta egin behar dugu. Ditugun baliabideei ahalik eta etekin handiena atera behar diegu. Agian, oparoak izan diren urte batzuk izan ditugu, eta eroso sentitu gara. Orain ez da unerik onena. Baina ezinbestean egin behar dugu». Hizki larrizko kultura egiteko eskatu die erakundeei, eta baita baliabideak emateko ere. «Ez bakarrik ekonomikoak, baita teknikoak eta pertsonalak ere».
Euskaraz bizi ahal izateko sare sozial sendo bat aldarrikatu du Urrutiak. «Euskarara erakarritako jende horri euskaraz bizi ahal izateko baldintzak eskaini behar dizkiogu. Hori funtsezkoa da, euskarak aurrera egingo badu. Egoera ekonomikoa larria bada ere, jendeak modua izan behar du euskaraz bizitzeko. Hori ez da diruarekin bakarrik egiten, oinarri legal sendo batekin ere egiten dira».
MERTXE MUJIKA
AEK-ko koordinatzaile nagusia
«Ikasleen eta irakasleen ahaleginari esker ari gara aurrera egiten»
Eusko Jaurlaritzak kendu egin du euskaltegietako irakasleei ikasturtea gainditzeagatik ematen zitzaien beken diru laguntza. Horrek egingo dio kalte gehien euskalduntze-alfabetatzeari, AEK-ko koordinatzaile nagusi Mertxe Mujikaren arabera. «Irailetik aurrera joango gara nabarmentzen erabaki horren ondorioak. Borondatea izan arren, krisiaren ondorioz bada euskara ikasteko dirurik ez duen jendea. Diru laguntzak kenduta, gehitu egingo dira halako kasuak, eta horrek kezkatu egiten gaitu. Izan ere, krisi garai honetan euskaltegiek gainezka beharko lukete».
Gainera, azken urteetan pixkanaka gutxituz joan da erakundeek euskaltegietara bideratutako dirua. «Jaitsiera txikia izan da urtero, baina pilatuz doa. Horrek eragina du baliabideetan. Gero eta murritzagoak dira». Administraziotik bidaltzen dieten ikasle kopurua ere txikiagoa da.
Aurten eutsi egingo diote lantaldeari. «Baina ez da erakundeetatik jasotako bultzadagatik, baizik eta ikasleen eta langileen ahaleginagatik. Ikasle asko benetako ahalegina egiten ari dira matrikula ordaintzeko, eta langileek beren baldintzak ez hobetzea onartu dute». AEKn 1.200 langile inguru ari dira lanean. «Herri honentzat aberastasun ekonomikoa sortzen dugula ezin da ukatu, eta ezin gaituzte bazter batean utzi».
Mujikak argi du, egungoan ez ezik, geroan ere jarri behar dela arreta. «Zer nahi dugun erabaki behar dugu. Baina ziur nago indartuta aterako garela. Elkarlanean hainbat kontu landu behar ditugu, eta gero bakoitzak berea begiratu». Krisia gainditzean euskarak lehentasuna izan behar duela azaldu du. «Benetan egin dezatela hizkuntza politika eraginkor bat. Eman diezaiotela euskarari merezi duen aitortza».
IÑAKI MURUA
Bertsozale Elkarteko lehendakaria
«Ez dugu proiekturikbertan behera utzi, bainabai baldintzak estutu»
Eusko Jaurlaritzak 136.000 eurotik 108.800ra jaitsi du Bertsozale Elkarterako dirua. «Orain arte ez dugu proiekturik bertan behera utzi behar izan, baina bai baldintzak estutu. Dena den, ohituta gaude baliabideei etekin handia ateratzen, eta oraingoan ere egokitzen ari gara. Borondatezko lanak pisu handia du gurean, eta horrek oraingoa moduko egoera batean asko laguntzen du», azaldu du Iñaki Muruak, Bertsozale Elkarteko lehendakariak. Bazkide kopuruari eutsi egin diote, gutxi gorabehera. «Berrizere eskertzekoa da bazkideek elkarteari erakutsi dioten konpromisoa eta inplikazioa». Etorkizunari begira, «eustea eta eragiten jarraitzea»da elkartearen xedea.
Muruak desoreka bat ikusten du euskalgintzak gizarteari eskaintzen dionaren eta administraziotik jasotzen duen ordainaren artean. Baina egoerari ikuspegi zabalagotik begiratzeko esaktu du. «Ez litzateke egokia izango bakoitza bere buruaren inguruan penak kontatzen hastea, beti topatuko dugulako okerrago dagoen norbait».
Krisi honi arrisku bat ikusten dio Muruak:euskalgintzako kideak elkarren lehiakide bilakatzea. «Diru laguntzen menpe bizi gara neurri handi batean. Biziraute garaiak dira hauek, eta eragitea beharrean bizirik irautea denean helburua, arriskuak areagotu egiten dira».
Hori dela eta, elkarlanerako deia egin die euskara eragileei. «Batzuetan sumatzen da indar batuketak sendoagoa edo gertuagokoa izan beharko lukeela». Administrazioei hori eskatu die. «Inoiz baino garrantzitsuagoa da elkarlana».