Erreformari azken onespena eman zion irailaren 10ean Espainiako Senatuak, eta asteazkenean argitaratu zen Espainiako Aldizkari Ofizialean. Legea plazaratzearekin batera sartu da indarrean. Aurrez, uztailean onartu zuen Espainiako Kongresuak erreforma, PPren botoei esker.
PPk egin asmo zuena baino erreforma soilagoa da azkenean. Aldaketa bakarra du: 16-17 urteko emakumeek ezin dute abortatu gurasoen baimenik gabe.
Bigarren saioan lortu zuen Espainiako Gobernuak lege erreforma aurrera ateratzea. Aurreneko proposamenean, epeen sistema kendu nahi zuen Alberto Ruiz Gallardon ministro ohiak, 1985eko araua baino atzerago joanda. Babes nahikoa ez, eta dimisioa eman zuen Ruiz Gallardonek. Aurrera atera duen erreformak kritikak eragin zituen PP barnean, batzuen ustez, aldaketak 2010eko legea ontzat ematen duelako.