Zaila da Floren Aoizi etiketa bat jartzea. Beharbada, argiago zegoen 90eko hamarkadan, Herri Batasunako mahai nazionaleko kide zenean. Politikaren lehen lerroa aspaldi honetan utzia badu ere, betidanik jarraitu du modu batera edo bestera politikagintzarekin erlazionatuta. Hori nabari da azken urteetan egin dituen beste jarduera batzuetan. Adibidez, Elomendi izeneko blogean idazle gisa definitzen du bere burua. Batetik, Gara egunkariko zutabegile da, eta bere artikuluak gaurkotasun politikoarekin erlazionatuta daude gehienbat. Bestetik, Txalaparta argitaletxearekin liburu pare bat idatzi ditu gazteleraz: 2002an, La vieja herida. De la conquista española al Amejoramiento Foral (euskaraz, Zauri zaharra, Espainiaren konkistatik Foru Hobenkuntzara), eta 2005ean El jarrón roto (euskaraz, Pitxer hautsia). Liburu historiko politikoak diren heinean, historialaritzat ere hartzen da maiz Floren Aoiz, eta Nafarroako historiarekin eta konkistarekin erlazionatutako hainbat hitzaldi eman ditu azken urteetan. Txalapartak iragarri duenez, konkistan girotutako eleberri bat idazten dihardu euskaraz, Agian izenburuarekin.
«Nafarroa, oroitzapen historikoa, nortasun sentimenak, ezkerraren etorkizuna, teknologia berriak, jendarte aldaketa, eta, batez ere, Euskal Herrian pakea lortzeko ilusioa». Halaxe laburbiltzen ditu Aoizek blogean bere «obsesioak». Beharbada,horiei independentzia gaineratuko beharko litzaieke. Elkarrizketan argi azaltzen den bezala, independentista aitortua delako 46 urteko tafallarra. Independentista sareko kide izaki, ondo ezagutzen ditu euskal independentismoak aurrean dituen erronkak, ahulgune eta indarguneak eta zailtasunak.
Soslaia. Floren Aoiz
Independentista petoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu