Topa ere egin zuten batzarraren amaieran, fakultateko ataurrean, osatu duten sareak «balio erantsia» duelako.
«Lehen aldia da Euskal Herrian sentsibilitate eta sigla desberdinen gainetik independentista guztiok biltzen gaituen sare bat osatzen dugula, eta sare hau benetan apustu estrategikoen inguruan osatu da, oraindik hasi eta etorkizunean independentziaren aldeko auzolan erraldoi bat garatzeko», izan ziren Txutxi Ariznabarretak, sarea sortzen jardun duen taldeko kideak, batzarreko kide guztiei esandako hitzak, edalontzia esku artean, eztarria busti aurretik. Ospakizuna bihurtu zuten ekitaldia, «asko dugulako ospatzeko. Sare independentistaren eraketa modua eta ezaugarriak adostu ditugu. Jauzi kualitatibo itzela da. Sarea eratuz, hedatuz eta sendotuz joateko oinarriak ezarri ditugu».
Izan ere, topa-egite ekitaldiaren aurretik, hiru orduko batzarrean jardun zuten sarearen helburu eta nortasun ikurrak, antolaketa eredua eta plan estrategikoa zehazten. Eztabaidarako aurkeztutako dokumentua oinarri gisa hartuta, berau ezarri zuten abiapuntu, gerora gehiago garatu eta sakontzeko.
Batzarraren eta eztabaida fasearen ezaugarrien artean, «ilusioa, gogoa eta baikortasuna» nabarmendu dituzte sarekideek. Ariznabarretaren hitzetan, «eztabaida prozesua eta gaurko [atzoko] batzarra oso aberatsak izan dira. Oso parte-hartze handia izan da prozesu guztian, baita batzarrean ere. Jasotako ekarpen guztiekin oinarrizko material hau osatuko dugu, handitu eta aberastu. Prozesu hori oso dinamikoa izango da; independentisten sarean jende gehiago sartu ahala, sentsibilitate berriak, kontu berriak, ekarpen berriak egongo dira; orain denon artean adostu duguna handituz, zabalduz, eta aberastuz joango gara».
Aktibismoa eta lan ideologikoa
Independentisten sarea hedatu, sendotu eta garatzea, hori dute jomuga. Sarea sendotu, aktibismoa eta lan ideologikoaren arteko uztarketarako. «Pentsatzen, eztabaidatzen, hitz egiten duen eta, batez ere, egiten duen jende multzoa izanen da gure sarea», dio onartutako testuak.
«Jarduera irizpide nagusiak konfrontazio demokratikoa, desobedientzia zibila eta nazio eraikuntza izanen dira. Erabakitzeko ahalmena ukatzen dituzten Frantziako eta Espainiako nazionalismoekiko nahiz euren estatuekiko konfrontazio demokratikoa, baketsua, zabala eta zuzena garatuko dugu».
Aniztuna, sentsibilitate guztiek osatua, maila guztietako ehuntzea, eta hierarkiarik gabeko antolakuntza izango ditu ezaugarri sareak. Hainbat ardura eta konpromiso izango dituzten pertsonen sarea aurreikusi dutenez, sareko kide izateko maila desberdinak ere ezarri dituzte.
Deszentralizatutako egitura edukita ere, koordinazioa ere behar denez, Independentisten Talde Bultzatzailea ere osatu dute. Atzo arteko ibilbidean, hamasei bat lagun aritu badira batzarra bitarteko lanetan, aurrerantzean berrogeita sei kidek osatuko dute Talde Bultzatzailea. Batetik, hierarkietatik ihes egiteko, eta, bestetik, sentsibilitate guztiak ordezkatuta egoteko eta lurralde eta genero aldetik orekari eusteko. Eta ez da talde itxia izango. Sarea hedatu ahala, Talde Bultzatzailea bera ere haziz joango dela aurreratu dute sarekideek.
Independentziaren eztabaida indartzeko asmoz, hurrengo bi urteotarako bi mugarri dituzte ezarrita; 2011ko Aberri eguna, eta 2012a, Nafarroaren konkistaren bosgarren mendeurrena «gure herriaren independentziaren aldeko erreferentzia bilakatzeko asmoz».
Sarearen helburu eta nortasun ikurrak
«Independentistak gara, independentzia XXI. mendeko apustu bideragarria izateaz gain, Euskal Herriarendako aukerarik onena baita [...]. Independentzia ez da munduko beste herriekiko haustura, elkartasun bide berriak bultzatzea baizik».«Independentistak sarea mugimendu demokrata aurrerakoia da, Euskal Errepublika eraikitzeko bitarteko demokratiko baketsuak erabiliko dituena [...]».
«Irizpide nagusiak konfrontazio demokratikoa, desobedientzia zibila eta nazio eraikuntza izanen dira[...]».
«Ohiko antolakuntza ereduak gaindituz, mugimendu berri bat sortzen ari gara; norbanakoez osaturiko esparrua, independentea, alderdien joko eta hauteskunde lehietatik at egonen dena [...]».
«Independentista guztien arteko auzolana bultzatzea da gure zeregin nagusia. Gure herriaren aniztasun adierazpen guztiak aintzat hartuta erritmo, ezberdintasun eta berezitasun guztiak aitortzen eta bideratzen dituen estrategia nazional integratzailea garatuko dugu Euskal Herri osoan eta Euskal Herri osorako [...]».
Independentisten Talde Bultzatzailea
Mapi AlonsoTherese Alzouet
Battita Ameztoi
David Anaut
Floren Aoiz
Ana Arbulu
Maite Aristegi
Txutxi Ariznabarreta
Raul Arkaia
Cesar Arrondo
Joseba Azkarraga
Patxi Azparren
Oscar Bañuelos
Garbiñe Bueno
Maider Carrere
Koldo Castañeda
Mertxe Colina
Jon Andoni del Amo
Jakoba Errekondo
Ixabel Etxeberria
Juan Mari Feliu
Itziar Fernandez
Nekane Garmendia
Patxi Gaztelumendi
Joseba Gezuraga
Juan Karlos Goienetxea
Ana Irastorza
Itziar Ituño
Estitxu Iturrate
Enara Izagirre
Antton Izagirre
Ramon Labaien
Txolo Landaluze
Maria Luisa Mangado
Alex Marañon
Estibalitz Mujika
Paul Nicholson
Zelai Nikolas
Iñaki Olano
Iñaki Ortiz de Villalba
Fredi Paia
Iñigo Santxo
Xabier Sarasua
Jorge Segoviano
Xebe Txoperena
Gloria Zuazola