INDEPENDENTISTAK. LEHEN KONFERENTZIA. «Sinetsi behar dugu aukera erreala dela independentzia»

Koldo Aldabe.
Donostia
2010eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Independentisten Lehen Konferentzia amaitu eta ospatzekotopa egin ostean, galderei erantzuteko prest azaldu zen Garbiñe Bueno, sarearen Talde Bultzatzaileko kidea. Txutxi Ariznabarretarekin batera, eledun lanetan jardun zuen Buenok.

Baikortasun irudia emateaz gain, baikortasuna transmititzen duzue.

Baikortasuna nagusitu zaigulako, bai eztabaida prozesuan, bai konferentzia honetan, eta bai sortu ginenetik ere. Ari gara manifestua aurkeztu genuenean, Aberri Egunean, urriaren 12ko manifestazioan, lekuan-lekuan sortzen ari diren eztabaidetan eta guneetan, ezaugarri nagusiak dira ilusioa eta baikortasuna. Eta horiexek izan behar dute independentziarako bidean izan behar dugun gar horren motibazio.

Zuen jarrera ikusita, ematen du etzi eskuratuko dela independentzia.

Quebecera, Eskoziara, Kataluniara bertara begiratzen dugunean, ematen du haiek dena egun batetik bestera sortu dutela, eta agian horrelako ereduetan ikusten dugu independentzia aukera erreal gisa. Baina gureaz ari garenean, aukera utopikoa dirudi. Jarrera hori aldatu behar dugu. Beraiek lan eginda lortu dute gaur egun dauden punturaino iristea. Desberdinak gara, prozesu bakoitza bere bidetik doa, baina baikortasun horri eutsi behar diogu. Herri batzuek lortu badute, besteak lortze bidean badaude, geuk zergatik ez? Independentzia aukera erreala dela pentsatzen hasi behar dugu.

Erabakitzeko eskubidea lortzea, ordea,ez da egun batetik bestera etorriko, ezta bide erraza izango ere.

Erabakitzeko eskubideaz hitz egiten dugunean, autodeterminazio eskubideaz hitz egiten dugunean, ikusten dugu eskubide demokratiko bat dela eta derrigorrean aplikatu beharreko eskubide bat, ezin dena ukatu. Beraz, eskubide hori eskuratuta, gehiengo batek independentzia nahi baldin badu, aukera hori erreal bihurtzen da.

Bide luzea dugu, eta ez gara bihar independente izango. Baina sinetsi behar dugu aukera hori dugula, trebetasun hori dugula, eta aukera errealak ere bai. Lanean jardunda lor dezakegu.

Jende asko konbentzitu beharko dugu, egia da, ez dugu erraza izango, eta ez digute arrosazko bide bat jarriko aurrean. Argi dago zein izan den eta den estatu espainiar eta frantziarraren jarduera. Ez digute bidea erraz jarriko, ez digute ezer emango, geuk lortu beharko dugu.

Herritarren borondatean jartzen duzue muga bakarra. Sareak non eragiteko asmoa du?

Sareak herritarrengan eragin nahi du. Guk herritarrengan eragin nahi dugu, eta gizartean. Eta herritarrak, gizartea, izan daitezela esparru guztietan eragingo dutenak. Esaterako, alderdiak ere pertsonek osatzen dituzte.

Alderdien aurrean lobby gisa jokatzeko asmoa baduzue?

Argi dago independentziaren aldeko masa kritiko bat baldin badago, masa horren botoak bildu nahi dituen edozein alderdi independentziaren alde lerrokatu beharko dela. Logikak agintzen du.

Ideien faktoriaz mintzo zarete. Zer da, eta nola funtzionatuko du?

Modu desberdinean eta batera ehuntzen ari den sareaz ari gara. Tokian tokiko sareak, sektorekakoak, ideien lanketakoak... Ideien faktorian, talde multzo batek jardun beharko du ideiak garatzen, eta egituratzen. Internet ere sare horretan sartzen da, tresna oso baliagarria dugulako. Baita gaur [atzo] egindako batzarraren modukoak ere. Guztiarekin, independentziaren aldeko borroka ideologikoa garatzeko tresna izango da faktoria.

2012rako bost mila sarekide izatea lor litekeen erronka al da?

Gure helburuetako bat da sarea hedatuz joatea, independentzia lortzeko lanean jarduteko konpromisoa hartuko duten herritarrak batzea. Eta helburu edo erronka gisa jarri dugu 2012rako bost mila sarekide biltzea.

Zortzi mila pertsonak deitu zuten aurreko Aberri Egunera. Ordukoak oraingoarekin ikusteko handirik ez du, baina saiatuz gero lorgarria dela iruditzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.