140 bat lagunek Independentistak izeneko sarea sortu dute, Euskal Herriak bere naziotasuna gauzatzeko, hizkuntza eta kultur ezaugarriak babesteko eta etorkizun egoki bat izateko modurik egokiena independentzia lortzea dela iritzita. Hain zuzen ere, independentistak batu eta independentziarako bidea lantzea da mugimendu horren xedea.
Donostiako Miramar Jauregian egin dute gaur aurkezpena. Naroa Iturrik, Garbiñe Buenok eta Battita Ameztoik egin dituzte aurkezle lanak euskaraz, gazteleraz eta frantsesez, eta, ondoren, Maite Aristegik, Txutxi Ariznabarretak eta Theresa Alsouetek irakurri dute Independentistak-en lehen adierazpena, Ari gara izeneko oinarri eta xedeen aurkezpena.
Ildo horretatik, herritarren mugimendua dela azpimarratu dute, "alderdien leihatik eta hauteskunde jokotik kanpokoa", eta sare gisa funtzionatzeko asmoa eta parte-hartzean oinarritzekoa adierazi dute. Helburuei dagokienez, independentzia litzateke azken xedea, "euskaldunok, munduko biztanle guztiok bezala, gure buruaren jabe izateko eskubidea dugu eta eskubide hori gauzatuz, geure estatua sortu nahi dugu, hauxe baita munduan libre bizitzeko era onena", agertu dute.
Hala ere, gaur gaurkoz autodeterminazio eskubidean oinarritutako "agertoki demokratikoa" eskuratzea litzateke mugimendu sortu berriaren helburua, eta horretarako independentistak izan ez arren erabakitze eskubidearen alde dauden sektoreekin elkarlanean aritzeko prest agertu dira.
Era berean, Independentistak-ek bere egin ditu Giza Eskubideen eta Eskubide Zibil eta Politikoen nazioarteko adierazpenen edukiak, eta helburuak lortzeko bide dermokratikoen aldekoak direla azpimarratu dute. "Guk, bide, jarduera eta erabaki eredu demokratikoak defendatzen ditugu. Gauza bera eskatzen diegu Euskal Herriarentzat beste nazio egitasmoak bultzatzen dituztenei, denok onar dezagun jendartea dela erabakiak hartzeko subjektu bakarra", adierazi dute.
ETAri erreferentzia zehatza egin diote ekimenaren bultzatzaileek; hain zuzen ere, ez dabiltzala erakunde armatuaren menera nabarmendu dute: "Ez gara ETAren ustezko borondatea gauzatzen ari", esan dute, "baina ez dugu onartuko ETAren aitzakia erabiltzea mugimendu independentista anitza eta zabala osatzeko aukera oztopatzeko", erantsi dute.
Lehenengo ekimen zehatza "independentista guztiak" bilduko dituen Aberri Eguna antolatzea izango da, apirilaren 4rako.
Aurkezpenean EAko eta ezker abertzaleko kide ezagunek parte hartu dute, hala nola, EAko Rafa Larreina, Maiorga Ramirez,eta Sabin Intxaurragak, eta ezker abertzaleko Tasio Erkizia, Karmele Aierbe eta Antton Gomezek. Txillardegi eta Juan Mari Irigoien idazleak ere han izan dira, baita ESAITeko Martxel Toledo, Antton Lafont ekonomilaria, Iñigo Santxo abokatua eta Nekane Altzelai irakaslea ere.
Informazio gehiago Independentistak webgunean.
Independentistak mugimendua sortu dute, "alderdien joko eta hauteskunde lehietatik at"
Giza Eskubideen Nazioarteko Adierazpenarekin bat egin dute, eta "bide, jarduera eta erabaki eredu demokratikoak" defendatzen dituzte. "Independentista guztiak" batuko dituen Aberri Eguna bultzatu eta antolatzea izango da beren lehen ekimena. Ezker abertzaleko eta EAko kide ezagunek parte hartu dute aurkezpenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu