politika

Independentistak sarea gorpuzten joateko biltzarra egingo dute azaroaren 6an

Jende asko bildu da gaur Iruñean independentziaren aldeko manifestazioan, "aurreikusi baino gehiago", Txutxi Ariznabarreta bozeramailearen arabera.

2010eko urriaren 12a
19:20
Entzun
Independentistak sareak jakinarazi du azaroaren 6an biltzarra egingo duela, bilgunea bera gorpuzten joateko asmoz. Txutxi Ariznabarreta bozeramaileak azpimarratu du Euskal Herriak independentzia nahi duela, "euskal herritarrak ere pertsona libreak" izan behar direla, "baina geuk lortu behar dugu independentzia". Horretarako, ezinbestekotzat jo du "sare berri hau" indartzen joatea. Datozen egunetan esango dute non izango den biltzarra.

Gaur, Independentistak sareak berak deituta, herrien independentziaren aldeko manifestazioa egin dute Iruñean, 17:15etik aurrera. Jende asko batu da. Han zeuden, bilguneko ordezkariez gain, Tasio Erkizia eta Txelui Moreno ezker abertzaleko kideak, Pello Urizar EAko idazkari nagusia, Maiorga Ramirez Nafarroako EAko burua, Paula Kasares Nafarroa Baiko parlamentari eta kide independentea, Igor Arroio Nafarroako LABeko koordinatzailea, Nestor Salaberria Sortzen Ikasbatuazeko arduradunetakoa... "Izugarrizko jende pila bildu da, geuk aurreikusi baino gehiago", esan du Ariznabarretak.

Manifestazioko pankartak Independentistak! leloa izan du, eta Hego Amerikako eta Erdialdeko Amerikako jatorria duten euskal herritarrek eutsi diote, ekimenaren sustatzaileekin batera.

Diasporako kide horien mezu bat ere leitu dute martxaren bukaeran; independentziaren bidean konpromisoak hartzeko dei egin dute.

Hego Amerikako herriek independentzia lortu zuteneko 200. urteurrena dela gogoratu dute antolatzaileek. Hispanitateak herri haiei ere urte askoan zapalkuntza ekarri zietela nabarmendu dute, kultura eta etniak desagerraraztera bideratu zutela zapalkuntza han.

Simon Bolivarren omenez

Simon Bolibarren irudia ere presente izan da. "Euskal jatorriko amerikarra izanik, hark eta harekin Espainiaren inposizioaren aurka altxatu eta iraultza egin zutenen aldeko omenaldia egin nahi dugu". Horretarako, Bolivar irudikatzen duen txotxongilo itxurako panpina handi bat eraman dute.

Musikak ere Hego Amerika eta Euskal Herria uztartu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.