POLITIKA

Independentistek erregearen aurkako adierazpen bat egin dute Madrilen

EH Bildu, ERC, JxC, CUP eta BNG alderdiek, Espainiako Kongresuan egindako adierazpenean, erran dute «Espainiako monarkiak eta bere ordezkari nagusiak, Espainiako erregeak» ez dituela «ordezkatzen». Adierazi dute erregeak ez duela haien «zilegitasunik» eta ez diotela aitortzen «zeregin politikorik».

Inpendentistek egindako agerraldia, gaur, Espainiako Kongresuan. JAVIER LIZON / EFE
maddi ane txoperena iribarren
2020ko otsailaren 3a
14:35
Entzun

Espainiako Kongresuko legegintzaldi berriaren hasiera baino lehen egin dute erregearen eta monarkiaren aurkako adierazpena Espainiako Estatuko alderdi independentista eta errepublikazaleetako kideek, azaltzeko zergatik ez diren joanen lehendabiziko saiora. Nabarmendu dute ez diotela zilegitasunik ematen erregeari, eta gogor mintzatu dira monarkiaren aurka: «Kataluniako, Galiziako eta Euskal Herriko gizartearen gehiengoak gaitzetsi egiten du erabat anakronikoa eta frankismoaren oinordekoa den instituzioa». EH Bilduren izenean, Oskar Matutek irakurri du Ez dugu erregerik. Demokrazia, askatasuna, errepublikak. adierazpena, euskaraz; katalanez, galizieraz eta gazteleraz ere irakurri dute ERCko Gabriel Rufianek, JxCeko Laura Borrasek, CUPeko Mireia Vehik eta BNGko Nestor Regok.

Monarkiak haien herrien nahiak zapaltzen dituela salatu dute. «Espainiako batasuna eta legedia inposatzea ditu monarkiak oinarri, gure herrien eta herritarren eskubide zibil, politiko eta nazionalak ukatuz». Horren adibide jarri dute, erraterako, urriaren 3an erregeak egindako «diskurtso autoritarioa». Gaitzetsi dutenez, erregearen figura ez dator bat «askatasuna, berdintasuna eta demokrazia bezalako balio errepublikanoekin», eta erregeak ordezkatzen dituen balioekin «apurtuz soilik izango da posible benetako demokrazia». Monarkiak haien herrien gain duen boterea ezabatzea galdegin dute: «Espainiako erregeak eta monarkiak gure parlamentuen, herritarren eta gobernuen aurkako tutoretza alde batera utzi behar dute, horrela bakarrik lortuko direlako herri borondatearen errespetuan, askatasunean eta demokrazian oinarritutako konponbideak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.