“Ez dugu erreskaterik nahi. Ez dugu behar. Subiranotasuna behar dugu. Independentzia da bidea”, adierazi du Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak, urte politikoari hasiera eman dion Batzar Nagusietako osoko bilkuran. Ordu bete iraun duen hitzaldi batean, aurrreko urteko balantzea egin du Garitanok, eta 2013ra begira diputazioak dituen asmoen berri eman du. Diputatu nagusiaren arabera, bere agintaldiaren lehen urteko ikurrak izan dira “gardentasuna eta elkarlana”, eta bide horri eutsiko diola adierazi du.
Bake eta konponbide prozesua izan du hizpide aurrena. Prozesu horretan diputazioa “eragile aktiboa” izan dela adierazi du, eta salatu prozesua ”oraindik alde bakarrekoa” izaten jarraitzen duela. Bide horretan, Garitanok esan du foru gobernuaren ardatzak izango direla Aieteko adierazpena eta Gernikako Akordioa.
Krisialdi ekonomikoari dagokionez, “eredu berri baten beharra” aldarrikatu du Garitanok, “sistema kapitalistaren porrotari” aurre egiteko. Gipuzkoak eredu berri hori osatzeko “oinarria sendoak” dituela adierazi du. Nolanahi ere, Espainiatik “inposatutako” neurriei aurre egiteko -BEZa ren igorera aipatu du, besteak beste- euskal instituzioek “burujabe” izan behar dutela adierazi du. “Independentzia da bidea”, nabarmendu du.
Gizarte zerbitzuen alorrean Madrildik ezartzen ari diren murrizketak ere gogoratu ditu Garitanok. Azpimarratu du bere gobernua “sekulako ahalegina” egiten ari dela neurri horiek Gipuzkoan eragina izan ez dezaten. Iazko aurrekontuen erdia gizarte zerbitzuetara bideratu zutela gogoratu du, eta bide horretatik jarraitzeko nahia agertu du. Horretarako, baina, diru sarrerak bermatu behar direla nabarmendu du. Diru sarrera horiek ziurtatu asmoz, foru aldundiaren politikaren oinarri izaten jarraituko du iaz abiatutako zerga sistemaren erreforma; sozietate zergan eta fortuna handien gaineko zergan urrats berriak iragarri ditu Garitanok.
Bere hitzaldian zehar beste gai batzuk ere izan ditu hizpide: eskualdeetan oinarritutako tokiko garapena, Pasaiako badiaren biziberritzea, errepide sistema “errentagarri eta justuago” bat lortzea -hilean 25 euroko gastu muga ezartzea autopisten erabiltzaileei- eta mugikoratsuna -txartel bakarra-. Aurreko urte politikoaren eztabaidagai nagusia -zaborren kudeaketa-, berriz, ez du aipatu ere egin bere hitzaldi osoan.
Arratsaldean jarraitu du osoko bilkurak, oposizioko taldeen parte hartzearekin, EAJ, PSE-EE eta PPko bozeramaileak oso haserre agertu dira Garitanoren azalpenekin. Proposamen berririk ez egitea leporatu diote, eta salatu foru gobernuak “plangintzarik gabe” jaraitzen duela. Horren harira, Markel Olano jeltzaleak iragarri du "plan ekonomiko bat" aurkeztuko dutela Batzar Ngausietan, Garitanok martxoak baino lehen ez badu bere plana aurkezten.