Independentzia Egunean milaka gazteri oldartu zaie Ertzaintza

Errepresioak min egin arren, gazteen konpromisoa ez dela amaituko ohartarazi dute Hernanin

OIHANA ELDUAIEN HERNANI
2008ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Hernanin batutako milaka gazte independentisten aurka oldartu zen Ertzaintza atzo. Gutxienez hiru lagun atxilotu zituzten eta beste hainbat zauritu. Haietako bat elkarte gastronomiko batean atxilotu zuten. Han babestu zen oldarralditik, eta ertzainak barrura sartu eta eraman egin zuten. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak Independentzi Eguneko arratsaldeko ekitaldi politikoa debekatu zuenez, kalejira egiten saiatu ziren egun osokoan jai giroan zebiltzan gazteak, 20:00ak aldera.

Pankartarik gabe ari ziren bidea egiten, besteak beste, «ez gaituzue geldituko» eta «independentzia» oihukatuz. Tilosetara iristen ari zirela -han zen amaitzekoa kalejira- debekatutako ekitaldi politikoa galarazteko Txantxilako karpan zeuden zazpi furgonetetako ertzainak jaitsi, eta gazteen kontra oldartu ziren, gomazko pilotak jaurtiz. Batera eta bestera sakabanatu ziren gazteak. Handik aurrera etengabeak izan ziren poliziaren oldarraldiak. Hainbat barrikada jarri zituzten han eta hemen.

Martxa hasi aurretik Auzitegi Nazionalaren agindua betetzeko prest zeunden ertzainak.19:15ean Txantxilako karpara joan ziren zazpi furgonetan, ekitaldia han baitzen egitekoa. Musika taldeak gaueko kontzerturako frogak egiten ari ziren bitartean, furgonetetatik atera eta tokia hartu zuten.

22:30ak aldera guztia baretu zenean, Txantxilako karpa ireki zuten, eta kontzertuekin aurrera egin zuten.

Milaka gazte

Manifestaziokoa ez zen izan ertzainek Independentzia Egunean egin zuten esku hartze bakarra. Goizean Txantxilako karpara sartu ziren beltzez jantzitako hainbat ertzain, pilotak jaurtitzeko pistola eta guzti, eta argazkiak atera ostean joan egin ziren.

Nolanahi ere, beren aldarrikapena aireratzeko modua egin zuten gazteek, egun osoan zehar egin zituzten ekitaldietan. Eguerdiko harrera ekitaldia baliatu zuten mezu politikoa zabaltzeko, eta «30 urteko faltsukeriaren biktimatzat» jo zuten bere burua.

Euskal Herria «fase definitiboan» dagoela aldarrikatu zuten, eta errepresioak errepresio, «herri hau askatasunera» eramateko deia egin zuten. Hori egitea erraza ez dela aitortu arren, «inoiz baino arrazoi gehiago» dituztela azpimarratu zuten.

«Iruzurraren eta zatiketaren urteurren madarikatuan» beraiek Hernanin batu ziren bezala, atzo alderdi politiko gehienek ere ekitaldiak egin zituztela ekarri zuten gogora. Ekitaldi horietan«gezurra besterik ez» zutela esango iragarri zuten. Alderdiakhauteskundeei begira ari dira gazte independentisten arabera, eta «egiazko argazkia» aste honetan Madrilen ikusitakoa dela nabarmendu dute: «UPN eta EAJ PSOErekin eskutik helduta, orain 30 urte bezala, herri honi miseria eta sufrimendua besterik ekarri ez dizkion paktua berritzen».

Errepresioak min egiten diela onartu arren, errepresioarekin ezker abertzalea ezin dutela «txikitu» ohartarazi dute, eta gazteen konpromisoa ahuldu beharrean indartu egiten dela.

Jai giroan ibili ziren gazteak, 13:00ak aldean egunari hasiera emateko txupinazoa bota aurretik ere. Gazteen arteko Euskal Herriko sokatira txapelketako finala ere egin zuten arratsaldean, eta arabarrek irabazi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.