INDEPENDENTZIAREN ALDARRIKAPENA DURANGON

Independentzia kolorez

Independentistak sarearen deialdiari jarraituz, «euskal kulturaren egun berdean», independentzia aldarrikatu dute Durangon. Zapi berdea lepoan, 'Sarri, Sarri' dantzatu dute ehunka lagunek, lip dub bat grabatzeko

Bilbo
2010eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Jende andana bildu zen atzo Durangora, Independentistak sarearen deialdiari jarraituz, kultur mundutik ere independentziaren aldarria egiteko asmoz. Durangoko Azokan sortzen den festa giroa aprobetxatuz, argazki jendetsua atera eta independentziaren aldeko lip dubaren grabaketa egin zuten Landakon. «Olatu berdea» abenduaren 6an Durangora iristea zuten helburu, hain zuzen ere, Espainiako Konstituzioaren eguna ospatzen denean.

Pozik agertu ziren ekimenen antolatzaileak jendearen erantzunarekin eta emaitzarekin.Bildu zen jendearen artean zapi berdeak banatu zituzten,eta eguerdi aldera berdez jantzirik zeuden azoka inguruak.

Hamabietan zen lehenengo ekitaldia, eta Independentzia lelopean, hamarnaka lagun bildu ziren Landakon, pankarta berdearen atzean, kontzentrazioa egin eta argazki jendetsua ateratzeko asmoz. Leloaz gain, Independentistak sarearen zortzi puntako izarra ere ikus zitekeen pankartan. Halako beste hainbat «argazki berde» atera ditu jada sareak uda osoan. Txutxi Ariznabarreta sarearen sortzaile eta bultzatzaileetako batek azaldu duenez, gizarteko eremu ezberdinetan dagoen independentzia nahia azaleratzea da helburua.

Jende askoren parte-hartzea behar da lip duba grabatzeko. Goizeko hamaiketatik ilara zegoen jada azokaren ate nagusian, parte-hartzaileek izena eman zezaten. Bertan, adinaren eta profilaren arabera, ibilbidean zehar non jarri behar ziren esaten ziotenjendeari, 13:00etarako bakoitzak bere postuan egon behar zuela gogoraraziz. Umoretsu heldu ziren adin guztietako parte-hartzaileak, eta asko ez zihoazen esku hutsik; ikurrinak, mozorroak eta abar ikusten ziren.

13:00etan denak beren postuetan zeuden. Jendea aldarte onez, baina antolatzaileak urduri. Entsegu bakar bat eta mozketa barik, lau minutuz, eta bozgorailu eta kamara baten laguntzarekin, ehunka pertsona dantzan jartzea ez da lan erreza eta. Baina emaitza txukuna izan zen. Etxe artean zanpantzarren laguntzarekin hasi eta erreka gainetik igaro ostean, Landako inguruan bueltaka ibili ziren kamera eta bozgorailua. Momentu batean azoka sarreran ere ibili ziren. Bidean denetarik zegoen; zahar eta gazte; erraldoiak eta panpinak; baita tximiniara ikurrina bat eskuan igo zen eskalatzaile bat ere. Denak, musika entzuten hasi orduko, dantzan. Amaieran, jende dena multzo handi batean bildu zen, azken leloa elkarrekin dantzatzeko. Ikurrinak, presoen eta euskal selekzioaren aldeko ikurrak, independentzia hitza osatzen zuten letrak... denetarik zuen jendeak, bideoari kolorea eman nahian.

Antolatzaileek azaldu dutenez, lehen aldia da nazio mailan halako grabaketa bat egiten dela. Lip dub «jendetsu, alai, aldarrikatzaile, parte-hartzaile eta librea» izan da. Independentziaren aldeko kantu egoki bat bilatzea zaila egin zitzaiela eta aukeratu zuten Sarri, Sarri kantua: erreza, dantzatzeko egokia eta ezaguna. «Sinbolismoz beteriko kanta» delako aukeratu zuten antolatzaileek, «askatasunaren aldarri» delako. Gainera, Joseba Sarrionandia idazle iurretarrari egiten dio erreferentzia. «Sare bidez egin genuen deialdia, eta begi bistan da jendeak ondo erantzun duela».Bideoa muntatzeko garaia da orain.



Herrialde Katalaneisegida emanez

Independentziaren aldeko lip duba grabatzea ez da euskaldunei sortutako ideia, Herrialde Katalanetako indepententistei hartutakoa baizik. Haiek munduko marka hautsi zuten, 5.771 lagun baino gehiago batu baitzituzten, Vic hirian, independentziaren aldeko aldarrikapena egiteko.





Orain 25 urte ihes egin zuen idazlea omentzeko kantua

Sarri, Sarri kantuaren doinupean egin dute dantza lip dubean parte hartu dutenek. Joseba Sarrionaindia idazlea Durangoko Azokan egon ezin denez eta, gainera, iurretarra denez, omenaldi txiki bat egin nahi izan diote. Hain zuen ere, orain 25 urte egin zuten ihes Sarrionandiak eta Iñaki Pikabeak Martuteneko espetxetik. Baina erbestaldiak ez dio liburuak argitaratzen jarraitzea galarazi, eta ia urtero argitaratzen du libururen bat Durangoko Azokarako. «Askatasunaren sinboloa» dela eta, independentziaren aldarrikapena egiteko aukeratu dute Kortatu taldeak ihesaldi hari buruz egindako abestia. Iheslariaren senideek ere parte hartu dute lip dubaren grabaketan, baita harekin espetxean egondakoek ere.





Urtarriletik aurrera ikusi ahalko da sarean lip duba

Urteko lehen eguna aukeratu dute antolatzaileek independentziaren aldeko lip duba sarean jartzeko. 2011ko urtarrilaren 1ean, 20:11ean, ikusi ahalko da Interneten. Ordura arte itxaron beharko dute bideoaren grabaketan parte hartu duten ehunka pertsonek emaitza ikusi ahal izateko.





Arnaldo Otegi askatzeko aldarria ere egon da presente

Arnaldo Otegi askatzeko aldarrikapena ere egin dute lip dubaren grabaketan. Presoen aldeko ikurren eta ikurrinen artean, 8719600510 zenbakia ikusi ahal izan da, Otegiren preso zenbakia, alegia. Izan ere, egunotan jendeak zenbakiarekin argazkiak ateratzeko mahaia jarri dute Landakon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.