Aberri Egunean Iruñean haserrea adierazteko eskatu zuen aurreko astean Independentistak sareak. Orain, bideo batean, independentziaren alde egitera deitu du, krisialdiari aurre egiteko. "Gure estatua behar dugu geure erabakiak hartu ahal izateko, krisialdiari, inposizioari eta itxikeriari aurre egiteko", azaldu du bideoan Itziar Ituño aktoreak.
Independentistak sareak Indefesta antolatu du martxoaren 31rako, Iruñean. Krisialditik ateratzeko independentzia beharrezkoa dela azpimarratuko dute: "Independentziak gizarte libre eta justuagoa eraikitzeko aukera emango digu".
Indefesta hainbat taberna eta eragilerekin batera prestatu dute Iruñeko Alde Zaharrean. Aberri Egunaren festa izango da, egun osoan egingo dutena. Kantujira nazionala antolatu dute Orreaga Fundazioarekin batera, ekitaldi politikoaren ondotik Alde Zaharrean kantuz ibiliko dena. Herri bazkaria ere izango da, eta Indetaberna ere jarriko dute.