Independentistak sarea eta Larrabetzuko zenbait herritar independentista ari dira elkarlanean antolakuntza lanetan, Bermeori (Bizkaia) lekukoa hartuta, han ospatu baitzuten iaz. «Hausnarketa politikoa, aldarrikapena eta jai giroa» uztartu nahi dituzte egun osoko egitarauaren bidez.
Independentistak sarearen ustez, gero eta gehiago dira «Euskal Herriak etorkizuna eraikitzeko bere buruaren jabe izatea» ezinbestekoa duela uste duten herritarrak. "Argi dago Espainiako eta Frantziako estatuen egituren barruan ez dugula inolako burujabetza aukerarik, eta menpekotasunak gure etorkizun politiko, ekonomiko, sozial eta kulturala hipotekatzen duela", erantsi dute.
"Independentista izatearen harrotasuna" aldarrikatu, independentzia "helburu lorgarria ez ezik ezinbesteko xede politikoa ere" badela azaldu eta "biharko Euskal Herria gaur egun ere" badagoela erakutsi nahi dute Independentzia Egunaren bidez. Horretarako, Larrabetzun martxoaren 18an antolatuko duten egun osoko egitarauaz gain, aldez aurretik ekitaldiak egingo dituzte Iruñean, Azpeitian (Gipuzkoa) eta Gasteizko Errekaleor auzunean.