Identitateagatik bai, baina ez horregatik bakarrik. "Proiektu independentista errepasatu" egin behar dela uste du Arnaldo Otegik, eta jendeari "hobeto bizitzeko" proiektua eskaini behar zaiola azpimarratu du. Horrela, independentziaren aldeko oinarriak zabaltzea du xede, indarrak gehitzeko.
Hobetzeko Entzuten goiburupean bigarren saioa izan du gaur Otegik Euskalduna Jauregian, eta esan du "pozik eta ilusioz" dagoela, lehendakari izateko aukeratu dutelako. "Herri honek urrats handi bat egingo du, eta aspalditik amesten duena lortuko du: Euskal Herri independentea", esan du. Hala, azpimarratu du estatu proiektu bat behar dela; "hobeto bizitzeko balioko duen Errepublika baten proiektua".
EH Bildu ezker abertzalea baino zabalagoa dela azpimarratu du, "frente zabal bat da, aniztasunak aberasten gaituelako. Batzea da kontua, eta oinarriak zabaltzea".