politika

Independentziarako "argi berdea" eskatu du Independentistak sareak

"Independentista guztientzako" Aberri Eguna antolatuko du aurten ere.

Koldo Aldabe.
2011ko martxoaren 2a
18:09
Entzun

Independentistak sareak tokia hartu du Euskal Herriak bizi duen "une berezi eta ilusionagarrian", eta "momentu historiko hau ikusirik" aldarrikapen zehatza plazaratu du: Argi berdea independentziari! Aldarrikapena exijentzia mailakoa da, "euskal nazioak independentziarako, askatasunerako duen eskubidea errespetatzeko exijentzia", hain zuzen ere.

Gaur goizean Donostian eskainitako prentsaurrekoan azaldu dituzte sareko kideek asteotan egin duten hausnarketa eta hartu dituzten zenbait erabaki. Txutxi Ariznabarreta -euskaraz- eta Garbiñe Bueno -gaztelaniaz- arduratu dira gogoetaren berri emateaz.

Aldarriaren zutarriak Argi berdea independentziari! aldarriak hiru zutabe ditu, sarekideek azaldu dutenez:

1. "Euskal Herria, euskal nazioa, aitortu eta errespetatzea, inolako ukazio eta lurralde mugarik gabe".

2. "Euskal Herria nazioa izanik, euskal herritarrok gure Herriaren etorkizuna libreki erabakitzeko dugun eskubidea aitortu eta errespetatzea."

3. "Joko demokratiko garbia, proiektu politiko guztiek, independentziarenak barne, baldintza berdinetan defendatu eta gauzatzeko aukera izan dezaten. Eta gauzatzerako orduan, baldintza edo betebehar bakarra egon behar du: euskal herritarren gehiengoak era libre eta demokratikoan adierazitako babesa".

Independentziari argi berdea piztea demokraziari argi berdea piztea dela konbentzituta daude sarekideak, eta horixe eskatu die independentista guztiei eta baita demokrata guztiei ere.

Aberri Eguna

Aldarri hori izango da Independentistak sarearen hurrengo hilabeteotako ekimenen itsasargia, eta aldarri hori egingo du datorren Aberri Egunean. "Iaz hartutako konpromisoari eutsiz, kolore guztietako abertzale eta independentista guztiek eroso ospatuko duten Aberri Egun bateratua antolatuko dugu aurten ere", azaldu dute.

Lehen urteurrena

Iazko otsailaren 27an sortu zen Independentistak sarea, Ari gara aldarrikapena plazaratu zutenean Donostiako Miramar jauregian. Urtebete honetan munduan independentzia lortu duen nazio bat gehiago dagoela gogorarazi dute gaur: Hego Sudan. Mende honetan hiru dira herri independente berriak: Hego Sudan, Montenegro eta Kosovo. "Eta bidean dira gehiago: Flandria, Eskozia, Groenlandia, Katalunia eta Euskal Herria"; horixe uste dute sarekideek. Urteotan, Europan bezala munduan, independentismoa garatzen joango dela eta herri independente gehiago izango direla ziur dira. "Euskal Herriak, euskaldunok, ezin diogu olatu honi joaten utzi; geuk ere olatu hau hartu behar dugu", esan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.