“Errealismo politikoan” oinarritu behar dela jakinarazi dute ekimen horren antolatzaileek. Haien iritziz, egungo egoera politikoa definitzerako orduan, Euskal Herria “okupatua” dagoela argi eduki behar da, gerora, “askatasuna berreskuratzeko estrategia bat” egiteko.
778. urteko abuztuaren 15ean Orreagako guda gogora ekarri dute. Pasai Donibanen (Gipuzkoa). Adierazi dutenez, egungo testuinguru politikoa oso desberdina izan arren, guda hartatik ikasi daiteke eta hori egungo errealitateari txertatu: “Gaur egun bizi dugun egoera politikoarekiko oso desberdina den paisaia bat iradokitzen digu: etsaien erasoen aurrean bere burua defendatzeko prest zegoen herri bat, arerioaren puntu ahulak zeintzuk izan zitezkeen sumatzeko abilezia izan zuena”.
Independentziarik gabe, demokraziarik ez
Prozesu politikoan independentziak duen garrantzia azpimarratu dute. Haien aburuz, soilik independentziarekin ezarriko da “benetako demokrazia”: “Demokrazia independentziarekin etorriko da, edo ez da izango. Inperialismoaren azpian ez baitago demokrazia posiblerik”.