Independentzia etorkizuneko apustutzat dutenen indarrak batzeko deia egin du LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek, "krisian dagoen egungo eredu ekonomiko eta politikoaren alternatiba izango den independentismoaren alde, estatuen botereari aurre egiteko gai izango dena", eta indar horiek denak batu nahi lituzke sindikatuak larunbatean Iruñean, Anaitasunan, 17:30ean.
Era berean, LABek bide horretan egin duen gogoeta azalduko du ekitaldian, eta han Etxaidek aldaketaren hurrengo faserako LABen proposamena publiko egingo du. LAB prest dago konpromisoak hartzeko, Etxaidek azaldutakoaren arabera; "erabakiak hartu beharko dira eta apustu egin, baina sindikalgintza osoak egin behar du gogoeta eta pausoak eman".
LABen irakurketa aurreratu du Javi Garnikak gaur. Batetik, ezker abertzalearen barne eztabaidak ezarritako ibilbidean egungo egoera zer fasetan dagoen aztertuko du sindikatuak. Bestetik, krisiaren ondorioz Espainiatik zein Europatik ezarritako neurrien gabeziak agerian utzi nahi ditu.
Gauzak horrela, LABek "oso argi" du egungo egoeran zer egin behar duen sindikalgintzak: aukera independentista indartu, eta aukera hori ahalbidetuko duen aldaketa politikorako urratsak egin. Mezu hori xehetasun handiagoz ezagutaraziko dute larunbatean.
politika
Independentziaren aldeko indar eragile guztiak batzeko deia egin du LABek
Larunbatean etorkizunari begira sindikatuak egiten duen gogoeta eta bere ustez eman behar diren pausoak azalduko ditu Iruñean, Anaitasunan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu