HERRI GALDEKETA

Independentziaren inguruko galdeketa egiteko babesa jaso du Azpeitian Hitzartu taldeak

Urtarrilean planteatutako hiru faseetatik lehena lortu dute: 1.500 azpeitiarrek galdeketaren alde sinatzea.

Azpeitiko Hitzartu taldea. BERRIA
Maialen Unanue
2016ko otsailaren 15a
18:04
Entzun

Igaro dute lehenengo langa, baina atxikimenduak biltzen jarraitzea "garrantzitsua" dela azpimarratu dute. "Argi dugu zenbat eta sinadura gehiago izan, orduan eta zilegitasun gehiago izango duela galdeketak". Horregatik, martxoaren 12ra arte jarraituko dute sinadura bilketarekin. "1.500 herritarrek baino gehiagok adierazi dute erabakitzeko eskubidea gauzatzeko nahia; beraz, ez dago atzera bueltarik: herri galdeketa egingo dugu ekainaren 12an".

Urtarrilaren 14an abiatu zuen Azpeitiko Hitzartu taldeak sinadura bilketaren kanpaina, eta galdeketa egin bitarteko pausoak zeintzuk izango ziren zehaztu. Lehenengo fasea amaituta, hau da, galdeketa egiteko nahikoa babes jasota, galdeketa bera antolatzea eta egitea falta zaie orain. "Orain arte jasotakoak bezain garrantzitsuak" izango dira martxoaren 12ra bitartean jasoko dituztenak, eta atxikimendua eman nahi duten herritarrei dei egin diete Gure Esku Dago-ren herriko lokalera edo kaleko mahai ibiltarira gertura daitezen.

Sinadura bilketaren kanpaina kriseiluekin amaituko dute. Martxoaren 12an bertan, herriko plazan bilduko dira 19:30ean, azken sinadurak zenbatu eta ondoren "ilusioaren suarekin piztutako kriseiluak aireratzeko". Adierazi dutenez, "herritarren unea" dela irudikatuko dute ekimen horren bidez, "borondatearen eta elkarlanaren argiak piztuta".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.