Euskobarometroa inkestaren azken datuek jaso dutenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren independentziaren kontrako jarrera leundu egin da azken seihilekoan. Balizko independentzia erreferendum batean, abstentziora joko lukete orain urte erdi kontra bozkatuko zutenetako batzuek. Hala adierazten dute datuek. Izan ere, azken txostenaren arabera, hamar puntu apaldu da kontra bozkatuko luketenen ehunekoa (%47tik %37ra), eta bi puntu hazi aldekoena (%30etik %32ra). Boto emaileen %20 abstenitu egingo lirateke, eta %11k ez dute aukeretako baten beraren alde egin.
Independentziaren alde bozkatuko luketenen artean, ehuneko altuena EH Bilduren boto emaileen artean kokatu du inkestak: %80. Bigarren multzo handiena Elkarrekin Podemosen boto emaileen artean dago (%27), eta haren atzetik EAJko boto emaileen artean (%23). Ezezkoaren alde egingo lukete, berriz, PPren eta Ciudadanosen boto emaileen %100ek, PSE bozkatu dutenen %86k, EAJren boro emaileen %42k, eta Elkarrekin Podemosenen %36k.
Bestalde, Euskobarometroaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %81 gogobeteta daude Gernikako Estatutuak eskaintzen duen autogobernu mailarekin. Hala ere, harekiko jarrera kritikoa agertu dute %42k, eta multzo hori hazi egin da azken urtean. Estatutuarekin kritiko agertu direnen %50ek ez-abertzale gisa definitzen dute beren burua.
Autogobernuan aldaketak egiteari dagokionez, herritarren %20k ez dute aldaketarik egin nahi, %36k estatutuan jasota dauden baina oraindik esleitu gabe dauden eskumenak transferitzea eskatzen dute, eta %28 autogobernuaren erreformaren alde daude, hura sakontzeko. Alde bakarreko prozesu subiranista bat abiatzearen alde agertu dira, berriz, inkestatuen %9.