Maiatzaren 10ean, udalbatzak ebatzi zuen Etxarri Aranatz "Europako estatu independente berri bateko parte" izateari buruz galdetzea herritarrei. Nafarroako Gobernuaren arabera, udalak ez du galdeketa hori egiteko eskumena, argudiatuta soilik Espainiari dagokiola nazioarteko harremanen eskumena.
Foru gobernuak gaineratu du galdeketak "legeriaren aurkako elementuak" dituela; "Etxarri-Aranatzeko herria Euskal Herriaren parte dela baieztatzea, adibidez".
Etxarri 2012+1 herri plataformak independentziari buruzko galdeketa bat egiteko eskaera erregistratu zuen urte hasieran Etxarri Aranazko Udalean. "Ados al zaude Etxarri Aranatz, Euskal Herriko udalerria izanda, Europako estatu independente berri baten parte izatearekin?" galdera izan zen erregistratu zutena.
200 sinadura lortu behar zituzten, eta hala egin zuten. 27/2007 Foru legearen arabera, erroldaren %10aren babesa behar zuten herri galdeketa egiteko, eta Etxarri 2012+1 ekimenak 360 sinadura eskuratu zituen.
Herri galdeketarekin jarraitu edo ez erabakitzeko osoko bilkura egin zuten maiatzaren 10ean, eta aurrera egitea erabaki zuten. Galdeketaren alde bozkatu zuten Bilduko sei zinegotzik eta NaBaiko hiruk, eta kontra PPko bakarrak. Udal batzarrean onartu zuten testuak dio "benetako demokraziaren balioetan" sakondu nahi dutela, "hala nola herritarren elkarbizitzan, parte hartzean edota herritarren iritzia aintzat hartzean".