Independentistak sareko Esti Mujikak, Floren Aoizek eta Unai Apaolazak Bagoaz proiektua aurkeztu dute gaur, Donostian. "Bagoaz eztabaida, sakonketa, sintesia, idazketa eta jendarteratze egitasmoa da, auzolanean independentziaren aldeko ideien lehian eraginkorki eusteko asmoa duena", azaldu dute.
Hasteko eta egitasmo horren bidez, Euskal Herriaren independentziaren alde dauden arrazoiak biltzen dituen liburu praktiko eta erabilgarria osatu nahi dute; auzolanetik abiatuz. Hala, edonork egin dezake ekarpenik proiektu hau osatzeko. Horretarako, www.bagoaz.net webgunea eta [email protected] posta jarri dituzte martxan.
Independentistak sareak Bilbon, Donostian, Iruñean, Gasteizen eta Baionan eztabaida saioak egingo ditu datozen hilabeteetan. Ekarpen guztiak urriaren hasierarako bildu nahi ditu, horien sintesia egin eta liburua osatzeko. Lana Durangoko Azokarako prest izatea espero dute.
Sareko kideek nabarmendu dutenez, une honetan inoiz baino faktore gehiago daude independentzia aldarrikatzeko: nazioartean piztutako eztabaida, krisi ekonomikoa, Gernikako bonbardaketaren eta Nafarroaren konkistaren urteurrenek sortutako eztabaida historikoa eta, azkenik, Euskal Herriko egungo aro politiko berriak bultzatutako eztabaida politikoa.
Eztabaida bizia eta etengabeko ekarpenak izan daitezen, Twitterren #bagoaz traola sortu dute eta Facebooken ere presente izango da Bagoaz.